Neurriei beste astebetez eustea erabaki du Labi batzordeak

Gaur goizean bildu da Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Labi batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) egoera epidemiologikoa aztertzeko eta neurri murriztaileen inguruko erabakiak hartzeko. Bileraren ostean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, uztailaren 22tik indarrean dauden neurriei eustea erabaki dute, beste astebetez. Datorren ostegunean, hilaren 26an, bilduko da berriz batzordea, eta orduan erabakiko dute neurriak malgutzeko garaia den.
Sagarduiren arabera, “zuhurra” da neurriak beste astebetez mantentzea, azken asteotako intzidentziaren joera beherakorra “sendotzeko”. Era berean, zera adierazi du: “COVID-19aren intzidentziaren bilakaera ona izaten ari da, baina zenbakiak altuak dira oraindik. Hobeto egon gintezkeen, eta hobekuntza hau ez da nahikoa ospitaleetako okupazioari dagokionez”. Bestalde, txertaketa prozesua ondo doala nabarmendu du, eta aurreratu du datozen egunetan jarritako hiru milioi dosietara helduko dela EAE. Hala ere, txertoa oraindik jaso ez dutenei hitzordua hartzeko deia egin die berriz ere Sagarduik, eta adierazi du oraindik 80.000 zita daudela hartu gabe.
Horrez gain, koronabirusaren kutsatzea saihesteko neurriak –maskararen erabilera, segurtasun distantziak eta gel hidroalkoholikoa– betetzen jarraitzera deitu ditu herritarrak, eta gogoratu du ez dela jaiak ospatzeko garaia: “Ez Donostian eta ez Bilbon. Ez-jaiek hala izan behar dute, maila indibidualean eta kolektiboan”.
Horrela, honakoak dira indarrean jarraitzen duten neurriak:
- Segurtasun distantziak mantentzerik badago, kanpoaldean ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea.
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea. Ez dago etxeratze agindurik, baina kalean gauerditik 06:00etara bizikideak soilik ahal dira elkartu. Horrela, ezingo dira jende multzoak elkartu espazio publikoetan, gauez.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe. Ostalaritza establezimenduetan, ordea, gehienez sei pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean.
- Hiriguneetan maskararen erabilera derrigorrezkoa da. Aldiz, bere erabilera ez da derrigorrezkoa natur inguruneetan, igerilekuetan eta hondartzetan, betiere pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzen bada.
- 01:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Lokal eta instalazio guztietan gehieneko edukiera % 35ekoa da, eta jarduera sozial eta kulturaletan eta kirol ekitaldietan bildu daitezkeen pertsona kopurua ere gehiago murriztu dute.
- Kirol ekitaldietan, sozialetan eta kulturaletan edukierak 600ekoak izango dira barruan, eta 800ekoak kanpoan. Guztira 1.600 eta 5.000 arteko pertsonako edukiera duten lekuetan, berriz, edukiera 800ekoa izango da gehienez barruan, eta 1.200ekoa kanpoan. Edukiera 5.000 pertsonatik gorakoa duten lekuetan, aire zabalean badaude, edukiera %40koa izatea erabaki zuen hilaren 4an Espainiako Osasun Sistemako Lurralde Arteko Kontseiluak (espazio itxietan %30ekoa da muga); EAEn, ordea, %20koa izatea erabaki du Jaurlaritzak.
- Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, eta ostalaritzaren neurri berak errespetatu beharko dituzte. Hauen ordutegia 09:00etatik 02:00etara izango da, eta %50eko gehienezko edukiera izango dute.
- Kanpoan, taldean egiten den kirolak ez du pertsona kopuru gehienezkorik, eta barruan gehienez 10 pertsonakoak izango dira taldeak. Aldagelen edukiera %50era handituko da.
- Kanpoko turismo eta natura bisiten taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira, eta barrukoak 10 pertsonakoak.