“Antzerkian askatasun gehiago dago telebistan baino”
Oscar Terol (Donostia, 1969) aktorea eta umoregilea da. Telebistan hainbat saio egin izan dituen arren, orain antzerki munduan murgilduta dago. 'Por comentarlo' bakarrizketa emanaldia estreinatu zuen asteartean, eta larunbatera arte egongo da ikusgai emanaldia Antzoki Zaharrean, 20:00etan.
Nolakoa da ‘Por Comentarlo’ emanaldia? Zer kontatzen du?
Aktualitateari buruzko bakarrizketa da: pandemia, konfinamendua, musukoak, txertoa… bizitzen ari garenari buruz hitz egiten dut azken batean. Horrez gain, bost-sei abesti ditut nik neuk konposaturikoak, eta gai bakoitzaren bukaeran abestia abesten dut. Umoretsua da, umorea da klabea eta umoretik kontatzen ditut gaiak.
Donostiatik aparte, beste leku gehiagotan eskainiko duzu?
Euskal Herri osoan nabil biran. 50 emanaldi egin ditut jada. Nafarroako 30 bat herritan egon naiz. Bizkaian, Araban, Gipuzkoan… eta Errioxan (Espainia) ere bai. Urtebete daramat bira honetan, eta esandako moduan jada 50 bat emanaldi eskaini ditut. Urrian, adibidez, Tolosara joango naiz, irailean Iruñera (Nafarroa)… asko mugitzen ari naiz, egia esan.
Nolakoa da emanaldi honen publikoaren profila? Zeinentzako da?
Berez, 16 urtetik gorakoentzat da teknikoki. Izan ere, umorea ulertu beharra dago, eta horrez gain, biraoak ere esaten ditut, eta sexuaz ere hitz egiten ditut. Umore orokorra da, baina ez da haurrentzako modukoa.
Harrera ona izaten ari zara emanaldi honekin?
Bai, oso ona. Pilo bat gozatzen ari naiz, eta ni neu ere harrituta geratu izan naiz jendeak nola erreakzionatu duen ikusita eta zenbat gustatzen ari zaien ikusita. Ilusio handia egiten dit antzezteak eta jendea barrez ikusteak.
Betidanik egin izan duzu umorea?
Bai, beti. Definitzen nauena eta nik egin nahi dudana umorea da. Umorearen barruan, batzuetan telebista egin izan dut, beste batzuetan antzerkia… baina niri gustatzen zaidan generoa umorea da.
Uste duzu umorea garrantzitsua dela garai honetan?
Beti izan da umorea garrantzitsua, baina bereziki garai honetan lehen mailako beharra dela esango nuke. Umorearen bidez pertsonen artean konplizitatea sortzen da, eta irtenbiderik ez dagoelako sentsazio hori baztertzeko baliagarria da. Gainera, barre egiten dugunean liberatu egiten gara, tentsioa askatzen dugu, eta hori da momentu honetan bai edo bai behar duguna.
Noiz hasi zinen mundu honetan?
Oso gazte hasi nintzen, 18 urterekin. Nik ez dut besterik egin, bizitza osoa daramat mundu honetan. Kafe-teatroarekin hasi nintzen, eta telebistan 25 urterekin hasi nintzen. 25 bat urte igaro ditut telebistan. Azken urte eta erdi honetan, ordea, antzerkiarekin nabil, bira honekin.
Izan duzu inoiz arazorik umorea egiteagatik?
Ez zait inoiz arazo larririk gertatu. Egia esan, badakit egongo dela nik telebistan esandakoak gustatuko ez zaizkion jendea. Orain dela urte batzuk, sare sozialik ez zenean, ez zinen jabetzen jendearen erreakzioekin. Egia esan orain ere ez ditut inoiz jendearen komentarioak irakurtzen. Nik ulertzen dut egiten dudan guztia ez dela mundu osoarentzat atsegina izango, baina hori ia ezinezkoa da. Argi dut nik ez dudala inoiz umorea inoren aurka erabiltzen, nik inoren aurka egin behar banu, aurpegira esango nioke eta ez nire lanaren bidez. Nabaritzen da nire umorea ez doala inoren aurka. Seguru antzerkian ere egiten ditudan txiste batzuk ez zaizkiola mundu guztiari gustatuko, baina arrisku horretan oinarritzen da umoregilearen lana, ez dago besterik.
Aktore ala bakarrizketatzaile nahiago?
Orain dela bi urte, telebista esango nizun zalantzarik gabe. Orain, ordea, dudana ez nuke aldatuko ezergatik ere ez. Zoriontsua naiz, ez dut inoren beharrik, hanka sartzen badut ere neuk soilik sartzen dut eta ez diot inori kalte egiten. Antzerkian askoz askatasun gehiago dago telebistan baino; orain esaten ditudan gauza batzuk ezingo nituzke telebistan esan. Pilo bat disfrutatzen eta gozatzen ari naiz, eta hau ez nuke momentu honetan ezergatik aldatuko.
Jendeak zure txisteekin barre egitea guztiz gogobetegarria izango da, ezta?
Bai, guztiz. Droga bat bezalakoa da publikoaren erantzun hori, aurrera jarraitzeko behar dudana. Jendea barrezka entzuten dudan momentuan, ez dut beste ezer behar.
Telebista saio eta telesail ezagun asko egin dituzu, ‘Vaya Semanita’ eta ‘Allí Abajo’, esaterako. Nolakoa izan da esperientzia?
Vaya Semanita izan zen ezagutzera eman ninduen saioa. Esperientzia izugarria izan zen, bizitzan gertatzen diren mirari horietakoa. Gaur egun jendeak gogoratzen du, eta askok esaten didate haren bidez ezagutzen nautela. Allí Abajo telesailak ekarri zidan publiko zabalago batengana iristea. Gainera, aktoreak lagunak ginen; hau da, telesailean kuadrilla ginen moduan, kanpoan ere baginen. Grabatzen bukatutakoan, tabernako mahaian eserita jarraitzen genuen, eta oso dibertigarria zen hura. Egia da telebistan zaila dela arrakasta lortzea, eta horregatik oso eskertuta nago bizitzarekin.
Pandemiaren egoerak nola eragin dizu? Ziurgabetasuna, emanaldiak…
Egia esan, nik zehazki bakarrizketa hau egin dut pandemiaren ondorioz. Deitu zidaten Bilboko areto batetik esanez konfinamenduan jendea entretenitzeko zerbait egin nahi zutela Internet bidez, eta nik bakarrizketa hau prestatu nuen. Hortik aurrera hasi nintzen bakarrizketa honekin lanean. Mundu guztiak lana egiteari utzi zion urtean, nik lana bilatu nuen. Gainera, ez zait emanaldirik bertan behera geratu. Maila pertsonalean ere ez dut osasun arazorik izan, eta familiak ezta ere. Hala ere, egia da pandemiak eragin didala jendea oso goibel ikusi dudalako, baina pertsonalki niri pandemiak ez dit modu negatiboan eragin.
Baduzu egin ez duzun eta egitea gustatuko litzaizukeen estilorik? Drama, esaterako?
Ez, ezer ez. Asebeteta nago umorearekin. Hain da pozgarria jendea barrez entzutea, ez dudala beste estilorik nahi, ezta behar ere. Gainera, umorearen bitartez edozer kontatu daiteke; munduko gauzarik onenak zein txarrenak, umorez esan daitezke, eta asko errazten du egoera. Umorea aukeratzen duzun estiloa da, baina mezua edozelakoa izan daiteke. Gainera, nik egiten dudan umorearekin mezua bidaltzea gustatzen zait, jendeak hausnartu dezan.
Ze asmo duzu etorkizunerako?
Nire plana antzerkiarekin jarraitzea da. Gainera, udazkenean bakarrizketa berri bat idatzi nahi dut, datorren urtetik aurrera emanaldi berri bat izateko, eta egon naizen herrietara itzultzeko. Zerbait interesgarria eskainiko balidakete telebistarako, pentsatuko nuke, baina ez dut bila ibiltzeko asmorik momentuz.
Zer esango zenioke jendeari ‘Por comentarlo’ ikustera etortzeko?
Barre asko egingo dutela, asko gozatuko dutela, eta nire helburua antzokitik pertsona hobeak atera daitezen lortzea dela, barrea eraginda eta gauzei buruz hausnartzera gonbidatuta.