Francoren itsasontziak Kontxako badian bost pertsona hil zituenekoa
Gaurko egunez, 1957an, frankismoak urte luzez ezkutatutako ezbehar bat gertatu zen Kontxako badian: Francisco Franco diktadorearen Azor itsasontziak Santa Klara irlatik zetorren txalupa bat abordatu zuen, eta bost lagun hil zituen. Iñaki Egaña historialari donostiarrak berreskuratu du efemeridea sare sozialetan, Egañak berak gertakaria dokumentatu baitzuen bere garaian, EITBk egindako dokumental honetan ikus daitekeen moduan:
Hain zuzen, 1957ko abuztuaren 19ko iluntzean, Francoren itsasontzia Donostiatik Getariarantz abiatzen ari zela, irlatik kaira itzultzen ari zen txalupa bat harrapatu eta txikitu zuen. Txalupa hartan jende ugari zegoen, eta horietako bost hil egin ziren, tartean 9 urteko haur bat: Jose de Miguel, Benito Amiano, Maria Andrea Dolores, Manuela Rozado eta Jose Ramon Rubial. Azken hori zen 9 urteko haurra. Ez dago argi Azor yatean Franco ote zegoen istripuaren unean, baina aipatu dokumentalean aipatzen denez, baliteke baietz.
Donostiako Udalak eskela xume bat jarri zuen La Voz de España egunkarian, eta hildakoen omenezko hileta elizkizunak egin zituzten Artzain Onaren katedralean, Francoren gobernuko hainbat ministro han izan zirelarik. Hileta elizkizunetan, ordea, ez zeuden bost gorpuak, horietako bi falta baitziren; badiako korronteek arrastratuta, handik egun batzuetara aurkitu zituzten. Frankismoak gertatutakoa ezkutatu egin zuen, eta ez zen horren berri eman garaiko prentsan. Ordea, handik egun gutxira, hedabide guztiek diktadorearen figura goraipatzen zuen albiste bat eman zuten: euskal kostaldean Francok ehizatutako kaxalotearena.