Intziri Neska* Gazte Taldeak agerraldi feminista egin du Trinitate plazan
Donostiako Piratek antolatutako Kabotajeari hasiera eman diote gaur Trinitate plazan. Festa gunea prestatu eta apaindu dute goizaldean, eta 10:30etan horma-irudi margoketa egin dute. 12:30etan, Intziri Neska* Gazte Taldeak, agerraldi feminista egin du.
Gerturatutako jendea eszenatoki aurrean jarritako eserlekuetan eseri da eta Intziriko bi kidek hartu dute hitza. Lehenik eta behin, azken asteetan Ordizian, Iruñean, Berrizen eta Gasteizen gertatutako erasoak gogoratu dituzte: “Honen aurrean ezinbestekoak dira prebentzio eta erantzun neurriak. Gu ez gara gutxiago! Kabotajean ez dugu inongo erasorik onartuko!”. Jai guneetan agertzen diren joeren aurrean ikuspegi feminista batez erantzuteko beharra azpimarratu dute. Herritarrak aske eta seguru sentiaraziko dituen jai eredu parekide baten erreferentzia izatea nahi dute, eta horretarako gune seguru bat sortzea “denon ardura” dela mahaigaineratu dute.
“Gizarte patriarkalarekin amaitu nahi baldin badugu aldaketak egiten hasi behar gara”. Donostiako jaiak eraso sexistarik gabeko guneak izan daitezen elkarlanean aritu beharko direla esan dute kideek: “Guk ez dugu eraso bakar bat gehiago onartuko eta autodefentsa feministaz erantzungo diogu edozein erasori! “. Adierazpenak egin bitartean, Intziriko beste kide bat horma-irudi bat amaitzen aritu da haien ondoan. Irudian, pirata bat ageri da olatu artean eta ondorengo esaldia gehitu diote: ‘Donostiako neska gazteok feminismoz blaituz, kaleak hartzera gatoz!’.
Intziri Neska* Gazte Taldea hasi berria dela azaldu digu hitza hartu duen kideetako batek, jaiak hastear zeudela ikusita piratekin kontaktuan jartzea erabaki zuten, puntu morea jarriko zuten jakiteko. “Kofradia feministak jada ez du indarrik eta gu prest agertu ginen haiekin batera ardura hori hartzeko, eta behintzat piraten ordutegien barruan leku seguru mantentzeko”. Frontoiaren ondoran jarri dute puntu morea, eta egitarauak iraun bitartean egongo dira bertan. Taldeko kideek zapi morea eramango dute besoan, erreferentziazko pertsonak izan daitezen. Haien helburua jai guneaz arduratzea bada ere, alde zaharretik gertatu daitezkeen erasoen aurrean erantzungo dutela esan du kideak. “Une oro piratekin harremanetan egongo gara, edozer gertatzen bada protokoloa martxan jartzeko”. Protokoloaren nondik norakoak azaltzen dituen pankarta bat eskegi dute frontoian, edozein zalantzaren aurrean argibideak eskura izateko.