Loiolako kaleak kolorez betetzen ari dira berriz ere
Loiola auzoa kolorez betetzera itzuli da orain bukatu berri diren azken bi muralei esker. Izan ere, Loiola auzoa muralez margotzearen egitasmoak Loiola Apain du izena, eta 2019. urteko udaberrian hasi zen kultur etxeak sustatuta. Olatu Talka jaialdiaren barruan sortu zen egitasmoa, eta artearen bitartez auzoko tokiei balorea ematea du helburu, artea kalera gerturatuz. 2017. urtean hasi ziren mural batzuk margotzen, baina hauek ez zuten erakundeen eskutik laguntzarik izan. Oraingoek, ordea, bai izan dute.
Hamalau mural daude dagoeneko Loiola auzoan. Denetariko kolore eta formak dituzte artelan hauek, eta txundituta uzten dute paretik pasatzen den oro. Azken biak oraintxe ari dira bukatzen, eta Aitziber Alonso eta Stephen Webb artistenak dira.
Aitziber Alonso ilustratzaile donostiarra da, eta bere lehen murala da Loiolan margotu berri duena. Ernio kalean dago mural hau, eta auzoko elementu garrantzitsuenetariko bat goraipatzen du, Urumea ibaia; itsas animaliak ikusi daitezke bertan. Jon Urbieta Kultur Etxeko zuzendariak azaldu digunez, “20 metroko murala da, eta Aitziberrek arrainak eta igelak margotu ditu, Urumeako arrainak. Izan ere, auzoarekin edo inguruarekin lotura duten gaiak ari gara jorratzen muraletan, abstraktuak zein figuratiboak. Gainera, margotzen aritu den bitartean, koreografia bat dantzatzen ari zela zirudien, ikusgarria izan da. Pintzelez margotu du; oso lan zehatza eta zorrotza da, oso zaindua”.
Beste murala Stephen Webb artista ingelesarena da, baina Loiolan bizi da aspalditik. Urbietaren esanetan, “Webb oso aktiboa da, nazioarteko maila duten artistak ari dira Loiolako kaleak margotzen, eta sekulako zortea izan dugu. Kasu honetan, hau ez da figuratiboa, abstraktua da, marrazki geometrikoak egiten baititu Stephenek; Arabiar estiloa duela esan daiteke. Latsarien plazan dago mural hau; sei zatitan banatuta dago, sei zutabe baitaude bertan, eta sei zutabeak margotu ditu. Kolore biziak erabiltzen ditu, dinamikoa da. Jendeari izugarri gustatzen zaio, eta asmatu dugula esan daiteke”.
Horrez gain, artista ezagun askok hartu izan dute parte Loiola Apain arte topaketan. Horien artean daude Marcos Navarro, Allan Daastrup, Maria Lopez, Iciar Nieto, Miguel Atutxa eta beste zenbait artista.
Irailaren 27tik urriaren 3ra Altzaren txanda izango da: Altzako kaleak beteko dituzte kolorez. Honek iraungo duen astean, askotariko jarduerak egingo dira bertan; besteak beste, hitzaldiak eta tailerrak.
Urbietak azaldu digunez, “mundu osoarentzat da egitasmo hau, haurrei ere asko gustatzen zaie. Arrakasta eduki dugu, eta gehiago egiten jarraitzea da gure asmoa. Bisita gidatuak ere egin ditugu, eta era guztietako jendea gerturatu da muralak ikustera. Donostiara datorren jende askok txangoak egiten ditu, eta alboko herrietara joaten dira paseatzen ibai ertzetik. Paseo horietan, batzuk geratzen dira muralak ikusten. Artea kalera plazaratu eta zabaldu nahi genuen, eta zortea izan dugu mundu guztiari gustatu baitzaio. Gainera, ondoko ostalariei ere bultzada ematen lagundu diote egitasmoak; denok atera gara irabazten”.