Urumean beste isurketa kutsakor bat izan dela salatu du Eguzkik
Azken hilabeteotan hainbatetan gertatu den moduan, Eguzki Erakunde Ekologistak salatu du Urumea ibaian, Loiolako kuartelen inguruan, beste “isurketa kutsakor bat” gertatu zela atzo, hilaren 18an. Gainera, ekologisten arabera, inguruko bizilagunek berriz ikusi dute gaur goizean. “Gai honekin berehalako erantzun eta zuzenketa behar dugu”, nabarmendu dute, eta gogoratu dute halako isurketaren bat ikusiz gero, 112ra deitu behar dela.
“Dagoeneko kontua galdu dugu zenbatgarrena izan den“, salatu dute Eguzkikoek. Izan ere, azken hilabeteotan, hainbatetan egin dituzte halako salaketak. Ekainaren hasieran, esaterako, zenbait olio isurketa gertatu zirela salatu zuten, eta hilabetearen bukaeran, beste olio isurketa ikusgarri baten berri eman zuten. Ondoren, hilabete honen hasieran, beste isukerta kutsakor bat gertatu zela salatu zuten.