Askotariko mozorroak eta giro ederra izan dira kuadrilla jolasetan
Arratsaldeko 16:00etan kuadrilla jolasak hasi dituzte Donostiako Piratek Trinitate plazan. Parte hartzaileek lehenagotik eman behar izan dute izena, eta antolatzaileek talde bakoitzari mozorratzeko tematikak banatu zizkieten. Guztira, hamabi taldek eman dute izena: bikingoak, “bañistak”, naufragoak, itsas kirolariak, arrantzale eta mariñelak, Karibeko piratak, igeriketa sinkronizatuko taldea, Kontxako “cayetanoak”, kostazainak, turistak eta Amazonaseko tribu indigenak.
Antolatzaile lanetan zebiltzanak gurutze gorriko kideen mozorroa zeramaten, eta argibideak emateaz gain, parte hartzaileak bustitzen aritu dira urezko pistolekin. Janari desatseginekin egindako lokotsak eta giza piramidea bezalako jolasak antolatu dituzte, eta arrakasta handiko ekitaldia izan da. Taldeak txandakatzen joan dira, jende pilaketa ekiditeko eta amaieran, finala jokatu dute puntu gehien lortu dituzten lau taldeen artean. Bukatzeko, sari banaketa egiteaz arduratu dira antolatzaileak. Pandemiara egokitutako ekitaldia izanik, uneoro osasun neurriak bete dituzte, baina, pandemia aurretiko jolasen giro eta ilusioa berreskuratu dituzte gaur Piratek.
Arratsaldeko giroarekin jarraitzeko 19:00etan Ibil Bedi taldeak kontzertua eskaini du lehenik eta ondoren, Sara Zozaya kantautorea aritu da 20:00etan.