Hamar lagun atxilotu dituzte bart Parte Zaharrean, eta beste bi ikertzen ari dira taxi gidari bat jotzeagatik
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak beste hamar lagun atxilotu ditu bart Donostiako Parte Zaharrean, ertzainei beirazko botilak eta beste objektu batzuk jaurtitzea egotzita. Segurtasun Sailak argitaratutako informazioaren arabera, koronabirusaren aurkako neurriak betetzen direla kontrolatzen ari ziren poliziak, eta lau agente zauritu zituzten.
Bertsio ofizialaren arabera, istiluak goizaldeko hirurak aldera gertatu dira Ikatz kalean, eta ertzainek istiluen aurkako materiala erabili dute. Hamar atxilotuei desordena publikoak eragitea egotzi diete, eta horietako bi adin txikikoak dira. 17 urte dituzte bi horiek, eta aske utzi dituzte; beste zortziek, aldiz, 18 eta 32 urte artean dituzte, eta gaur utziko dituzte hiriko Guardiako Auzitegiaren esku.
Eneko Goia alkateak adierazi du gertatutakoa “tamalgarria” eta “erabat gaitzesgarria” dela. “Esan behar da horrelako portaerarik ezin dela onartu, ez egoera sanitarioaren ikuspegitik eta ez elkarbizitzaren ikuspegitik. Uste dut Parte Zaharrean bizi direnek ere errespetua merezi dutela”. Era berean, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren lana defendatu du: “Ez da inondik inora ulergarria horrelako portaerak izatea eta gauotan errepikatzea. Horregatik, uste dut Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bere lana egin beharko duela, zoritxarrez, batzuek ez dutelako beste aukerarik uzten”.
Azken egunotan gauero izan dira istiluak eta atxilotuak Parte Zaharrean. Asteazken gauean, esaterako, bost lagun atxilotu zituzten.
Taxi gidari bat eraso dute
Ertzaintzak beste bi lagun –39 eta 42 urteko bi gizon– identifikatu ditu bart, eta ikertzen ari da. Izan ere, Segurtasun Sailaren arabera, ustez, bi gizonak taxiz joan dira Zumalakarregi hiribidera, eta haraino eraman dituen taxi gidaria jipoitu dute han bertan, 01:25ak aldera. Horrez gain, bidaia ordaindu gabe alde egin dute. Horregatik, Ertzaintzak eraso egin izanagatik eta iruzurragatik ireki die ikerketa prozesua.