Euskal Elkartasun Feministak emakume afganiarren aldeko mobilizazioa egin du
Afganistango bizitzen alde larrialdi feminista deitu dute eta nazioarteko komunitatearen pasibotasuna salatu dute.
Euskal Elkartasuna Feministak (EEF) elkarretaratzea deitu du 20:00etan talibanen inbasioaren aurrean protesta egiteko. Jende ugari bildu da Bulebarrean eta antolatzaileek Afganistango emakume iraultzaileek bidalitako gutun bat irakurtzen eman diote hasiera ekimenari. Hamairu emakumek sinatutako gutunak, Heraten (Afganistan) bizitzen ari diren egoera salatzen du: “Emakumeak gerrako harrapakin gisa banatzen dira, bortxatu eta jendaurrean zigortzen dituzte burkarik gabe ezustean harrapatzeagatik. Bitartean, haurrak indarrez errekrutatzen dituzte soldadu gisa”. Nazioarteko komunitateen babesa eskatzen dute, eta 16 milioi emakume eta neska esklabo bihurtzen ari direla azpimarratzen dute.
EEF-ko kideek talibanen inbasioa eta Afganistango herritarren eta batez ere, emakumeen giza eskubideen urraketa salatzeko elkartu dira. Ondorengo eskaerak egin dizkote nazioarteko komunitateari, haien ustez jarrera pasiboa izaten ari delako “muturreko egoera” honen aurrean: asiloa eta aterpea eskaintzea, Afganistako familiak berrelkartzeko tramitazioa martxan jartzea, emakumeentzeko korridore seguruak sortzea eta nazioarteko erantzuna presionatzea. Bestalde, Afganistango emakumeei ezarritako 29 debeku eta zigorrak salatu dituzte. Horien artean dira, emakumeen etxetik kanpoko lanaren debekua, ikasketen debekua eta itxura eta janzkeraren inguruko beste hainbat debeku. Neurri horiek betetzen ez dituzten emakumeak jipoitu eta erasotzen dituztela salatu dute kideek. Hori dela eta, larrialdi feministatzat jo dutenaren aurrean antolatu egin dira Euskal Herriko feministak. Donostiako protestaz gain, Bilbon eta Iruñean ere izan dira elkarretaratzeak.