“Haurrek bezain ondo edo hobeto pasatzen dute gurasoek”
Tutik Clowns (Gari, Montxo eta Joselontxo) pailazo dibertigarri eta umoretsuak dira. ‘Petitxou’ ikuskizuna eskainiko dute gaur 17:00etan Kursaaleko terrazan, eta ondo pasa nahi duen oro gonbidatuta dago.
Donostiarrak zarete hirurok?
Gari (G.): Teknikoki, Montxo Bilbon jaio zen, baina Donostian bizi izan da betidanik. Joselontxo Pasai San Pedrokoa da, baina Parte Zaharrean bizi da. Ni Grosekoa naiz betidanik, beraz, esan daiteke donostiarrak garela hirurok.
25 urte betetzen dituzue elkarrekin. Nolako ibilbidea izan da?
G.: Lehen hastapenak Montxok egin zituen, 12 urterekin hasi baitzen. Bilbon ahaideak zituen, eta txikitan ekitaldi batean pailazoak ikusi zituen, garai hartan oso ezagunak ziren pailazo batzuk. Orduan, liluratuta gelditu zen eta pailazo lanak egiten hastea erabaki zuen. Horrela, oso gaztetatik lankide eta talde ezberdinak izan zituen. Gero nik ezagutu nuen, 20 bat urte nituenean. Berak talde bat zeukan momentu hartan osatuta, eta Parisen kontratu bat zeukan. Bere bi lankideek kale egin zuten, eta kontratuarekin zintzilik gelditu zen. Orduan, niri eta beste bati proposatu zigun, eta horrela hasi nintzen. Montxok Joselontxo ezagutzen zuen aurretik, musika talde batean jotzen zutelako elkarrekin, jazz talde batean.
Joselontxo (J.): Entsegu batean, galdetu zidan ea ezagutzen genuen inor pailazo izateko, euskara zekiena, musika jotzen zuena… eta nik esan nion: ‘zergatik ez ni? Egidazu froga bat’. Harrituta geratu zen, baina berehala esan zidan baietz. Oso poliki hasi nintzen, lehendabizi makilatu gabe, ia aurkezle moduan. Entseguetan gero eta gehiago hasi ginen lana lantzen, eta Gari hasi zen aurpegia zuriz margotzen.
G.: Izan ere, guk egiten dugun pailazo mota zirkuko pailazo mota da, eta hirukote bat gara. Bat aurpegi zuriduna da, kasu honetan ni, eta bere rola pailazo azkarrarena da, dotorea, eta askotan barregarri ere geratzen dena. Umorean askotan bi ikuspuntuak behar dira, gertakizun baten aurrean bi ikuspuntuekin sortzen baita umorea. Horregatik, ni naiz serio papera duena. Bestalde, Montxo dena dakiela usten duena da, lotsagabea… eta Joselontxo da inozenteagoa. Honek Montxori lagundu nahi dio bere astakerietan, baina askotan astakeriak zapuztu egiten ditu azkenean.
Egia esan, ni mundu honetan hasi nintzen Parisera joateko kontratuagatik. Augustoren rolarekin joan nintzen, sudur gorriduna, inozente rol horrekin. Baina ikusten nuen nire lankidea, aurpegi zuriduna, eta nik hori izan nahi nuen. Azkenean, urte gutxitara, aurpegi zuridun moduan hasi nintzen. Handik gutxira, orain dela 25 urte, Joselontxo ezagutu eta Tutik Clowns hirukotea osatu genuen.
Txirri, Mirri eta Txiribitonekin baduzue antzekotasunik?
G.: Bueno, antzekotasuna du hirukote bat direla, eta aurpegi zuriduna dutela. Hala ere, desberdintasun garrantzitsu bat dago. Haiek hasieran Kixki, Mixki eta Kaxkamelon ziren, eta beste formakuntza bat zuten. Bazeuden 70eko hamarkadan telebistan oso famatuak ziren Gabi, Fofo eta Miliki, ‘telebistako pailazoak’ deiturikoak, eta hauek oso famatuak egin ziren abestiengatik batez ere. Esketxak zituzten, baina batez ere abestiez osatzen ziren. Ondorioz, Txirri Mirri eta Txiribitonek modelo hori kopiatu eta euskaratu egin zuten. Esketx batzuk bai egiten zituzten, baina abestu egiten zuten gehienbat. Hala ere, musika ez zuten jotzen, eta hori da beste desberdintasun bat. Guk musika jotzen dugu zuzenean, eta instrumentu bereziak ere jotzen ditugu. Pailazoen historian, urte luzeetako tradizioa dago, eta tradizio horretan beste instrumentu batzuk jotzen izan dira, txintxarriak adibidez, gauza bereziak. Gure helburua ez da abestea, baizik eta umorea egitea.
Beraz, umorea da oinarri zuen emanaldietan?
G.: Bai, erabat. Esandako moduan, baliatzen gara mimikaz, musikaz, ikusleen parte hartzeaz, baita ere magiaz… baina helburua jendeak barre egitea da.
Hastapenei lotuta, nolako izan zen pailazo izateko eman zenuten saltoa?
J.: Egia esan, hau ez da egun batetik bestera etortzen. Montxok txikitatik zuen pailazo izateko bokazio hori; zirkua zetorren bakoitzean hor zegoen pailazoen bila.
G.: Montxoren kasuan, pailazoak gustatzen zitzaizkion, eta niri, ordea, zirkua orokorrean. Nik zirkuan lan egin nahi nuen. Niri sortu zitzaidan aukera, eta baiezkoa eman nuen zalantzarik gabe. Orduan, karrera bukatu berri nengoen, eta Parisera joan behar ginen. Langabezian nengoenez, gurasoei ondo iruditu zitzaien, eta horrela hasi nintzen. Baina beharrezkoa da aurretik zaletasuna izatea.
J.: Nire kasuan, nire lehengusu bat zirkuan egon zen lanean urte askoz. Egia da kontaktua banuela zirkuarekin, baina oso gutxi. Aurrerago, talde batean hartu nuen parte, Fanfarre Tirri Tarra, eta hor esketxak bilatzen genituen. Ikusten genuen nola zenbait taldek musika jotzen zuten, eta ondo jotzeaz gain nola egiten zituzten esketx moduak… Gu hori ikasten eta barneratzen joan gara. Beraz, nire bizitza ere espektakulu mundura bideratuta egon izan da beti. Etorri zitzaidanean Montxo aukerarekin, ideia bikaina iruditu zitzaidan. Oso gustura nago talde honetan, eta dakidan guztia bi hauengandik ikasi dut. Garik asko daki mundu honi buruz, asko irakurtzen duelako, eta Montxoren pasioa betidanik pailazoak izan dira eta mundu guztiko pailazoak ezagutzen ditu.
G.: Guk egiten dugun pailazo mota zirkuko pailazoak dira, zirkuan desagertzen ari den mota bat. Horrek eraman gaitu zirkura lanera, orduan maiz joaten gara. Hori ere ez da oso ohikoa. Normalean beste taldeak antzokietan, kalean… ibiltzen dira, baina zirkuan ez. Zirkuarena, ordea, mundu itxi bat da, eta ez da erraza kontratu bat lortzea. Gainera, bakoitzak bere lana eta bere familia dauzka eta ez da erraza dena uztartzea.
Nondik dator izena?
G.: Taldea sortu genuenean, Montxok izan zuen burutapena: ‘Tutik ere’ proposatu zigun, ezer ez esatearen sinonimoa. Bazeukan esanahia euskaraz, eta gainera italiar puntu bat ere bazeukan. Horregatik, Tutik Ere Clowns bezala hasi ginen. Handik gutxira, norbaitek esan zigun bakoitzaren izena erabiltzeko: Gari, Montxo eta Joselontxo. Aldaketa egin genuen, baina atzerrian ez zuten jakiten nola esan gure izenak, eta nahaste bat zen. Horregatik, lehengora itzultzea pentsatu genuen, eta ‘ere’ hori galdu zen. Beraz, Tutik Clownsekin geratu gera.
Donostian antzeztuko duzuen lehen aldia da?
G.: Ez, Donostian askotan antzeztu izan dugu: zirkuan, kalean, eta abar. Ostiralean aurkezten dugun ikuskizuna Petitxou da, eta ikuskizun honek ospatzen ditu gure 25 urteak. Donostian estreinatu genuen ikuskizun hau, dFERIA antzerki jaialdian, eta estreinatu eta berehala pandemia iritsi zen. Harrezkero, lehen aldia da Donostiara itzultzen garena ikuskizun honekin.
Zer eskaintzen duzue ‘Petitxou’ emanaldian?
J.: 25 urte betetzen ditugunaren aitzakiaz baliatuz, gure ibilbidea kontatzen duen ikuskizuna da, gutxi gorabehera. Festa bat antolatu nahi dugu, baina eztabaida sortzen da. Ikuslegoaren bidez, galdetzen diegu ea beraientzat posible den edo ez, edo nork nahi duen parte hartu… Azkenean hirurok geratzen gara, eta festan zer egin pentsatzen dugu; 25 urte hauetan egin ditugun gauzak. Hasten gara malabarak egiten, dantzatzen, musika jotzen… Egin ditugun gauzak erakusten ditugu: magia egin, dantzatu, kriskitinak jo… denbora guztian gure helburua jende barrez lehertzea da.
‘Petitxou’ hau non gehiago ari zarete egiten?
G.: Emanaldi hau ordubeteko saioa da, eta antzokietan zein kalean egiten dugu. Formatu honetako ikuskizunak Euskal Herrian egiten ditugu. Atzerrira zirkura joaten garenean, gauza aldatu egiten da. 10 minutuko esketxak izaten dira, beste artistekin txandakatuz. Egon gara Agurainen, Gasteizen, Villabonan, Elgoibarren, Berrizen, Barakaldon… urte hau oso arraroa izaten ari da pandemiagatik. Hala ere, ikuskizun hau oso egokia da eserita ikusteko, ez baita dantzarik egin behar. Egia da hasieran haurrak igotzen genituela agertokira, baina hori kendu behar izan dugu segurtasun neurriengatik. Baina aldaketa gutxi hauek kenduta, emanaldi egokia da eserita ikusteko, edukiera eta distantzia soziala mantenduz. Horregatik, pandemia egoeran ikusteko emanaldi egokia dela esan daiteke. Aldi berean, herri askok oraindik ez dakite gauzak egin ala ez, orduan, poliki doa.
Atzerrira ere joaten zarete?
G.: Orain Santanderren egon gara uztailaren bigarren hamabostaldian. Hango mago batek sortzen du Santanderreko festetarako zirku berezi bat, oso kalitate handikoa, eta joateko deitu zigun. Gaztelaniara aldatu behar izan dugu gidoia, baina ohituta gaude. Frantzian ere ibili izan gara frantsesez eta Alemanian ere bai alemanez. Nik lau hizkuntza dakizkit.
J.: Garik alemana jakingo ez balu, ezin izango genukeen Alemaniara joan.
G.: Testu guztia murriztu genuen, oso mimikoa egin, baina hala ere esaldi batzuk beharrezkoak ziren, eta buruz ikasi zituzten.
Geratu izan zaizue emanaldirik bertan behera pandemia dela eta?
G.: Bai. Konfinamenduagatik zenbait emanaldi bertan behera gelditu ziren. Ekainean berriz irekitzen hasi zirenean beste zenbait ekitaldi atera zitzaizkigun, baina justu uztailean besoa hautsi nuen, beraz hiru hilabete geldirik egon ginen. Urriaren bukaeran hasi ginen berriro, eta urtarrilean berriz besteren bat bertan behera utzi behar izan genuen Montxok COVID-19arekin kutsatu zelako. Beraz, oso urte nahasia izan da.
Umorea egitea ez da erraza beti, ezta?
G.: Ez, zaila da. Gainera, faktore askok eragiten dute umorea egiteko orduan. Nola zauden zu, nola dagoen ikuslegoa, nolakoa den egoera… Kalean, gainera, haizeak edo zaratak asko eragiten digu, eta horri adi egoteak ez digu umorea era askean egiten uzten. Adibidez, orain dela gutxi interferentziak izan genituen mikrofonoetan, eta horrelakoetan urduri jartzen gara.
Familia osoarentzat da?
J.: Bai, haurrei bideratuta dagoen arren, gurasoek oso ondo pasatzen dute. Askotan gertatzen zaigu; gurasoek haurrak eramaten dituzte, eta gero etortzen zaizkigu esanez ze ondo pasa duten, eta beraien haurtzaroko pailazoak gogorarazi dizkiegula. Gurasoek haurrek bezain ondo edo hobeto pasatzen dute gure emanaldiekin.
Harrera ona izaten ari zarete emanaldietan?
G.: Bai, oso ona. Azken batean, horrek ematen digu indarra jarraitzeko. Ez bagenu lortuko espero duguna, ez genuke zereginik izango. Gainera, jendea etortzen zaigunean ze ondo pasa duten eta zenbat gustatu zaien esatera, guretzat izugarria da hori, eta sekulako indarra eta poztasuna ematen digu.
Nolakoak dira haurrak publiko gisa?
J.: Denetarik egoten da. Badaude geldi egon ezin izaten diren haurrak, baina orokorrean, denak kontzentratuta geratzen dira azkarrago ala beranduago. Gainera, mugitzen den bat baldin badago, baina beste haurrek entzun nahi baldin badute, beraiek dira berehala elkarri isiltzeko eta geldirik egoteko esaten diotenak.
G.: Behin gertatu zitzaigun herri batean: emanaldi osoan ez zuen inork txalotu ezta barre egin ere. Badaude momentu batzuk badakizkigunak bai edo bai barre egingo dutela, baina ez zuten egiten. Baina bat-batean konturatu ginen haur bakar bat ere ez zela batere mugitu ordubete osoan. Hain kontzentratuta zeuden, ez zutela barrerik egin. Izan ere, haurrak gustura ez daudenean edo aspertzen direnean, jaiki eta alde egiten dute. Baina ez zen inor mugitu.
Esango zenukete pailazoak ikusteko zaletasuna galtzen ari dela?
G.: Bueno, egia da gure garaian zaletasun handiagoa zegoela orain baino. Gure ustetan, eragina du modan jarri zela pailazo bakar formatua, modernoagoa…
J.: Interneta sartu denetik, mundua erabat aldatu da. Orain jende gutxiago joaten da zirkura, baina egia da espektakulua benetan ona denean, jendea ez dela faltatzen. Mundu mailako zirkuak, ondo funtzionatzen dutenak, horko espektakuluak mundialak izaten dira, eta hor ez da jendea falta. Hemen, ‘Gure zirkua’ dago orain; txikia da, baina oso mamitsua eta erakargarria.
G.: Gauzak gustura eta maitasunarekin egiten direnean, nabaritzen da, eta publikoak berehala nabaritzen du. Txirri, Mirri eta Txiribitonez geroztik etorri diren beste pailazo taldeak, abestietan oinarritzen dira, Pirritx eta Porrotx bezala; hauek diskoak ateratzen dituzte. Horrek bai ekarri zuen Euskal Herrian pailazoak beste ildo batetik abiatzea. Gu gara lehengo erakoak gelditzen garenak.
Zer aurreikuspen duzue etorkizunari begira? Baikorrak zarete?
G.: Gure asmoa etorkizunera begira horrela jarraitzea da ahal dugun heinean. Barre eginarazi, eta ezin denean geldituko gara.
J.: Ez dugu pailazo izateari utzi nahi, baina gustatuko litzaiguke kabaret moduko ikuskizunak ere egitea.
G.: Zirkura ere itzuli nahiko genuke.
Zer esango zeniekete haurrei emanaldia ikustera etortzeko?
G.: Ondo pasatzeko eta barre egiteko aukera paregabea dela. Hiru pertsonaia izugarri ezagutuko dituzte, gero jarraipen bat izan dezaketenak, urtero ikuskizun berri bat egiten baitugu.