Letamango taberna: udarako plan alternatiboa
Letaman gaztetxea Intxaurrondoko alde zaharrean dagoen gaztetxea da. Bertan elkartzen diren gazteek taberna ireki dute abuztuan, eta tabernako terraza musikaz eta kulturaz alaitzea da beraien helburua. Larunbaterako programazio erakargarria prestatu dute.
1995. urtetik dago martxan gaztetxe hau. Oihane Gonzalez de Matauko, June Mendizabal, Manex Mendiburu eta Iñigo Perez-Mallaina gazteak 20-25 urte bitarteko gazteak dira, eta aspalditik elkartzen dira beraien auzoko txoko honetan. Batzarrak eta bestelako ekimenak egiten dituzte gaztetxean, baina abuztu honetan, taberna ireki dute. Abuztuaren 2tik dago martxan, eta horrez gain, giroa musikaz alaitzeko, inguruko artistak gonbidatzen dituzte. Nahiz eta orain murrizketen ondorioz mahaien arteko distantzia mantendu behar den, terraza ederra jartzeko nahi beste leku dute bertan. “Mahaitik mahaira 1,5 metro kalkulatzen ditugu, eta mahai dezente kabitzen dira hemen. Horrez gain, daukagun emanaldiaren arabera, artistentzat jartzen dugu izkinaren batean beste mahai bat, eta tabernako atean jartzen dugu barra”, azaldu du Mendiburuk.
Aspalditik zuten gaztetxean elkartzen diren gazteek taberna jartzeko ideia buruan. “Elkartu ginen egun batean gauzak egiteko gogoz eta biltzarrean komentatu genuen taberna jartzearen ideia. Horren alde geunden batzuk elkartu ginen bilera horretan eta ideia hori aurrera eramatea pentsatu genuen. Bi astetan hartu genuen erabakia eta bat-batean jarri genuen martxan”, azaldu du Gonzalezek. Taberna jartzearen ideia nondik datorren eta helburua zein den galdetuta, “gaztetxeari mugimendua eman nahi genion. Auzoa piztu eta auzoaren alde gauzak egitea da gure helburua”, dio du Gonzalezek. Izan ere, Mendibururen hitzetan, “bazegoen orain dela hiru bat urte taberna antzeko bat, beste era batera planteatuta”. Orain, ordea, buelta bat eman diote taberna horri: “COVID-19arekin gaztetxea itxita egon denez, horren ostean elkartu ginen auzoko gazte batzuk eta proposamena batzarrera eraman genuen. Nahikoa motibatuta geunden eta hortik sortu zen dena”.
Taberna jartzeak inplikazioa eskatzen badu ere, oso gogotsu daude gaztetxean elkartzen diren gazteak. Giroa ona da euren artean, eta tabernak ez die esfortzurik suposatzen. “Gaztetxeko egutegia begiratuz egokitu gara. Hemen bilerak eta bestelako gauza ezberdinak egiten dira, eta asteko bi egunetan irekitzea pentsatu genuen. Bakoitzak ahal duena eginez laguntzen du, eta ondo moldatzen gara”, dio Mendizabalek. Izan ere, Perez-Mallainaren arabera, ondo antolatzen ari dira: “Hainbeste inplikatu gara, ez dugula txandarik behar. Bakoitza ahal duenean etortzen da, eta normalean denok elkartzen gara”. Egunero irekitzea ezinezkoa zenez, larunbatetan eta astelehenetan irekitzen dute taberna: “Larunbatetan 11:00etatik edo 12:00etatik hasita 23:00ak aldera arte. Astelehenetan arratsaldean, bazkaldu ondoren irekitzen dugu”, azaldu du Mendiburuk.
Izugarrizko harrera ona izan du tabernak, espero ez zuten bezain bestekoa. “Hasieratik hainbeste jende etortzea ez genuen espero. Jende asko ari da hurbiltzen, gainera auzo askotatik. Gure auzoko jendea ia astero dator, baina beste auzoetako jendea ere hurbiltzen ari da, eta adin guztietako jendea da datorrena. Oso pozik gaude”, nabarmendu du Gonzalezek. Gainera, ez dira gazteak joaten soilik: “Lehen egunetik, denetariko jendea etorri da. Ez soilik gazteak; baita ere gurasoak haurrekin, pertsona helduak, eta abar” dio Perez-Mallainak.
Jarri dutena, ordea, ez da taberna soil bat. Hala azaldu du Mendiburuk: “Hasieratik, ez genuen soilik taberna bat jarri nahi. Terraza jartzeaz gain, DJ-ak, bertsolariak, eta bestelakoak gonbidatu nahi genituen. Terrazarekin batera ea zer egitea posible zen pentsatzen jarrita, hainbat ideia atera zitzaizkigun. Musika edo antzeko emanaldiak nahi genituen, hainbat estilotakoak”. Bestalde, “emanaldiren bat eskaintzeko gogotsu dauden edozein talde kolektiboetakoak datoz, eta pilo bat eskertzen dute aukera hori” gaineratu du Mendizabalek. Jendea gogotsu eta gauzak egiteko animatuta ikusten dute: “Denetatik egon da: guk proposatu diegu batzuei etortzeko, eta beste batzuetan beraiek kontaktatu gaituzte etortzeko eskatzen. Horregatik, erraza izan da gauzak antolatzea. Gainera, ikusten da jendea gogotsu dagoela gauzak egiteko, gu bezala”, dio Gonzalezek.
Pandemia garaian bilerak egiteko soilik erabili izan da gaztetxea, ez zaio publikoari zabaldu. “Gehienbat beldurragatik, ez genekienez egoerak nola eboluzionatuko zuen, onena horrela mantentzea zela iruditu zitzaigun. Gainera, bilerak egiteko ere edukiera murriztu genuen”, azaldu du Perez-Mallainak. Horregatik, zerbait xumea edo puntuala egin izan duten arren, publikoarentzat “ikasturtean zehar” ireki dute.
Etorkizunera begira ze aurreikuspen duten galdetuta, zera erantzun dute: “Gu motibatuta gaude gauzak egiten jarraitzeko. Uda bukatzen denean taberna itxiko dugu, baina baloratuko dugu gure artean nola joan den eta ondoren zer egin erabakiko dugu. Baina guk argi daukagu motibatuta gaudela eta gauzak egiten jarraitu nahi dugula. Gainera, izan dugun harrera ikusita, gogo gehiago ematen du jarraitzeko”.
Momentuz, larunbat honetarako programazio erakargarria prestatu dute. 11:00etan, ekoizpen-tailerra egongo da. 13:00etan zure binilo CD-ak eraman ahal izango dituzu. 15:00etan Basque Reggae Cultur egitasmoa izango da, eta 18:00etan Bingo Reggae jolasa egingo dute, sari eta guzti. Horrez gain, bazkaltzeko eta afaltzeko aukera ere egongo da bertan.