Realeko nesken zelaia eraberritzeko asmoa du Realak, 4.000 zalerentzako edukiera izan dezan
Jokin Aperribai Realeko presidenteak prentsaurrekoa eskaini du ostiral goizean, klubaren egoeraren eta aurrera begirako proiektuen berri emateko, eta besteak hainbat gauzaz gain, iragarri du klubak nesken taldearen instalazioak hobetzeko asmoa duela, besteak beste, 4.000 zalerentzako zelai bat eginez.
Ligaren eta CVC inbertsio funtsaren arteko akordioari buruz hitz egin du hasieran presidenteak, eta begi onez ikusten du akordioa: “Planteatu ditugun inbertsioak Realak hazten jarrai dezan egingo dira, LaLigak CVCrekin duen akordioak inbertsio horiek bizkortzen lagunduko luke”. Akordioaren aurka bozkatu zuten klubei erreferentzia eginez –Real Madril, Bartzelona, Athletic eta Real Oviedo–, zer adierazi du: “Beste egunean bozkatzen zena Liga bultzatzeko akordioa zen, eta horregatik ez nuen ulertu CVC-rekin egindako akordioaren aurkako boto bat ere ez. Ondoren, klub bakoitzak hainbat hilabete ditu akordiora gehitzen den edo ez”. Era berean, gaineratu du Ligak ez badu ezer egiten, Real Madril buru duten Europako hainbat klub handik sortu nahi duten Superligaren “arriskua” handiagoa dela.
Klubaren etorkizuneko erronkei buruz, zera adierazi du Aperribaik: “Klubak hilabete asko daramatza bere etorkizunaren inguruko lan eta hausnarketan, eta egitura garapen berri bat diseinatu du” Horrela, Realaren etorkizuneko proiektuaren lau zutabeak honakoak direla azaldu du presidenteak: kirolean genero berdintasuna bultzatzea; eraldaketa digitalaren bitartez lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetzea; kirol arloan lanbide heziketan eta lan aukeretan laguntzea; eta ingurumen inpaktua murriztea eta gizartea kontzientziatzea. Horren barruan, Zubietan hainbat eraberritze lan egiteko asmoa dutela iragarri du, eta horien artean dago emakumeen futboleko taldearentzako instalazioak berritzea, haientzako eraikin propio bat eraikiz eta Z7 zelaia eraberrituz, 4.000 zalerentzako lekua izan dezan; izan ere, hala eskatzen du emakumeen Ligak. Zubietako proiektu guztiak Realaren webgunean kontsultatu daitezke.
Lehiaren Euskal Agintaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiari egindako eskaerari buruz ere hitz egin du Aperribaik, eta nabarmendu du klubak ez duela egoera ulertzen: “Ez dugu ezer ulertzen. Eibarren kontsultaren berri ez dugu Eibarren bidez izan. Harritzen gaitu kontsulta hori gaur egiteak eta ez duela hamar edo hamalau urte”. Era berean, zera nabarmendu du: “Klubak diru-laguntza osoa klub gipuzkoarren artean banatzen du, bitartekari lan soila eginez eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostutako baremazioaren arabera”.