Nekane Arzallus, asteburuko istiluei buruz: "Donostiak ez du horrelako gertakaririk merezi"
Joan den astetik hona, ia gauero istiluak gertatu dira Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleetan gazte batzuen eta Ertzaintzaren artean, eta guztira 40 bat lagun atxilotu dituzte eta 62-63 pertsona ikertzen ari dira. Larunbatetik iganderako gauean, halaber, herritar batzuek Erdialdeko saltoki batzuk eraso zituzten, besteak beste, erakusleihoak hautsiz.
Gertakarien aurrean, Nekane Arzallus alkateordea eta Martin Ibabe Segurtasuneko zinegotzia kalteak jasan dituzten establezimenduetara joan dira, “babesa helaraztera”. Ertzaintzari eta Udaltzaingoari ere babesa adierazi diote, eta Arzallusek nabarmendu du gertakariak “onartezinak” direla: “Donostiak ez du horrelako gertakaririk merezi”, gaineratu du. Ibabek, era berean, azpimarratu du kalteak eragin zituzten pertsona guztiak identifikatzeko ikerketak irekita daudela, baita grabazietan batzuen aurpegiak “argi eta garbi” ikusten direla nabarmendu ere. “Gure aktuazio poliala serioa izango da”, gehitu du. Eneko Goia alkateak Twitter bidez salatu zituen gertakariak igandean: “Bart izandako istiluak irmo gaitzetsi nahi ditut. Hirian kalte ugari eragiteaz gain, bertako hainbat saltoki erasotu dituzte. Honek ez du ez hanka eta ez buru”. Bestalde, Ahal Duguk ere gertakariak gaitzetsi ditu, eta EH Bilduk gertakariak arbuiatzeko erakunde adierazpen bat proposatu du udalean, non gertakariak salatzen dituzten, babesa helarazten dieten kaltetutako guztiei eta herritarrak elkar zaintzera deitzen dituzten.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ere gertatutakoari buruz hitz egin du, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, eta mezu bat helarazi nahi izan du: “Ezin dugu baieztatu [istiluek] planifikatutako estrategia bat dutenik edo helburu sozial edo politiko bat daukatenik. Gertatzen ari dena ez nuke kale borrokarekin lotuko”. Era berean, nabarmendu du horrelakoak beste leku batzuetan ere gertatzen ari direla: “Kale zurrutean zeudenak edo onargarria den baino alkohol gehiago edan dutenak eta autoritatearen agenteei aurre egiten dietenak dira. Nolanahi ere, ez da soilik Euskadin gertatu den fenomeno bat”. Horrez gain, azpimarratu du Ertzaintzak gaur egun kalean dituen bitartekoak nahikoa direla. Bestalde, esan du atxilotuen %60k “ohiko delinkuentziarekin” lotutako aurrekariak dituztela.
Gizarte eragile batzuek ere hitza hartu dute azken astean gertatutako guztiaren aurrean. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), esaterako, “jazarpen poliziala” eta “gazteen kriminalizazioa” salatzeko elkarretaratzea egin zuen larunbatean Bulebarrean, besteak beste, Kontseilu Sozialistaren eta Itaiaren babesarekin.
Horrez gain, Piztu Donostia plataformak salatu du atxilotuetako batzuek ertzainen “tratu txarrak” pairatu dituztela, eta elkarrizketarako bidea irekitzeko eskatu du: “Donostian ere EAJk eskaintzen duen irtenbide bakarra gero eta errepresio bortitzagoarena da. Atxilotu askok tratu txarrak salatu dituzte gainera. Arazo sozial edota politikoen irtenbide baliagarri bakarra elkarrizketa eta adostasuna dira. Beste guztia inposizioa da”. Ildo beretik, zera gaineratu du: “Irtenbide adostua, Parte Zaharreko eragile sozial (auzo elkartea), kultural (elkarteak), gazteak (antolamenduak) profesionalak (tabernariak) eta indar politikoak bildu eta errepresioa ez den irtenbide adostua lortu eta instituzioei (Ertzaintza) errespeta dezaten eskatu”.