Bere zaleen aurrean eskuratu du Realak denboraldiko lehenengo garaipena
Emaitza onak eskuratu dituzte Realaren lehenengo eta bigarren taldeek futbolean, baita Donostiarrak arraunean ere. Eskubaloian, aldiz, Summer BAG gabe itzuli da Bera Bera.
Lehenengo jardunaldian Bartzelonaren aurka galdu eta nahiko partida kaskarra egin ostean, sentsazio onak berreskuratu zituen atzo, hilaren 22an, Imanol Alguacilen taldeak. Urte eta erdian estreinakoz, zaleen babesa izan zuten txuri-urdinek harmailetan, eta neurketa ona jokatu zuten Rayo Vallecanoren aurka. Mikel Oiartzabalek sartu zuen garaipenaren gola 68. minutuan, penaltiz. Ez da futboletik heldu den albiste on bakarra, Sansek erritmo onarekin jarraitzen baitu bigarren mailako estreinaldi denboraldian; lehenengo jardunaldian hiru puntuak lortu ondoren, puntu batekin itzuli zen larunbatean Lugotik, 0-0 berdinduta.
Arraunean, Donostiarrak ligan ahalik eta goren amaitzeko borrokatzen jarraitzen du, eta ondo lehiatuta itzuli da asteburuko jardunaldietatik. Horrela, larunbatean, Ondarroako Banderan, bigarren sailkatua izan zen bere txandan, eta postu berean amaitu zuen sailkapen orokorrean, 19:36,34 minutuko denborarekin; sailkapeneko buruaren, Zierbenaren, azpitik gelditu zen, bi segundo eskasera. Igandeko Hondarribiako Banderan, ordea, hirugarren izan zen bere txandan, eta sailkapen orokorreko laugarren postuan amaitu zuen estropada, 19:42,98 minutuko denborarekin. Horrela, ligako sailkapenean hirugarren jarraitzen dute donostiarrek.
Eskubaloian, Bera Berak Summer BAG txapelketa jokatu zuen asteburuan, eta finalerdietan Atletico Guardes garaitu bazuen ere, donostiarrek ezin izan zuten Valladoliden aurkako finala irabazi: 32-27 galdu zuten, eta ezin izan zuten iazko garaipena errepikatu.