David Silva jokalari txuri-urdinak estatua bat izango du Manchester Cityren estadioan
Futbolaren munduan nahikoa aitorpen dauka dagoeneko David Silva erdilari txuri-urdinak, baina are aitorpen handiagoa izango du laster. Izan ere, kanariarraren omenezko estatua bat jarriko dute Manchester Cityren Etihad estadioan, Vincent Kompanyren omenezko estatua batekin batera. Silvak aipatu taldean pasa ditu bere ibilbide oparoko urte gehienak –hamar urte–, eta klubaren historiako jokalari garrantzitsuenetako bat da.
Horregatik, larunbatean, Manchester Cityren eta Arsenalen partidaren bueltan inauguratuko dute jokalari txuri-urdinaren omenezko estatua. “Nire anaiak esanda izan nuen ideiaren berri. Klubak esan zion niretzako estatua bat egitea pentsatzen ari zirela. Esan zidanean, noski, oso eskertuta eta pozik sentitu nintzen. Polita da taldean pasa nuen denbora guztiarengatik aitortua izatea, eta gainera, betirako iraungo duen zerbaitekin”.