Familia-kontziliazioa bultzatzeko zerbitzu bat izango da Zinemaldian
Donostiako Zinemaldiak, San Telmo Museoak, CIMA (Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea) eta Parenting at Films Festivals kolektiboak, Puxika Gorria zerbitzua antolatu du berriro, sormen-jardueren ludoteka eskaintzeko.
Zinemaldia egiten den bitartean familia-kontziliazioa bultzatzeko helburua duen zerbitzua da, pertsona akreditaziodunen seme-alabei ez ezik, Zinemaldiaren antolakuntzako langileen familiei ere zabalduko zaie. Iazko edizioan, online bidezko zerbitzua eskaini zuten, eta aurten, aurrez aurreko formatua berreskuratu eta San Telmo Museoan egingo dituzte jarduerak.
2019an haurtzaindegi gisa sortu zen zerbitzua, ludoteka bihurtuko da edizio honetan, eta sei hilabete eta hamabi urte bitarteko haurrentzako izango da. Puxika Gorria Red Ballon Alliance ekimenaren parte da eta Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdien haurtzaindegiekin (Le Ballon Rouge eta Berlinale Kindergarten) bateratutako jarduera da. Besteak beste, Cima Impulsa, Cinando, Collectif 50/50, Europa Sortzaile Media programa, Danish Film Institute, EAVE, German Film eta Morena Films eta The Film Agency enpresa eta erakundeen laguntza du.
Izen ematea
Irailaren 17tik 25era bitartean goizeko 10:00etatik 18:00etara irekiko ditu ateak. Haur bakoitzak gehienez sei ordu igaro ahalko ditu bertan eta Zorionak Kids & Party taldeko zaintzaileen ardurapean izango dira. Arreta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskainiko da.
Adin guztietara egokitutako ekintzak antolatuko dituzte, besteak beste, koordinazioa, sormena, erlaxazioa, eraikuntza eta logika eta jolas sinbolikoak landuko dituzte. Horrez gain, sukaldaritza-eskola berezi bat antolatzea aurreikusten dute, Mimo Bite The Experience taldearen laguntzaz.
Zinemaldiko akreditaziodunek eta antolakuntzako langileek lehentasuna izango dute. Bakoitzak 50 euroko ekarpena egin beharko du jaialdiaren bederatzi eguneko zerbitzuaren truke, 30 eurokoa hiru egunengatik eta 15 eurokoa egun bakar batengatik. Izena emateko, irailaren 10a baino lehen parentingatfilmfests@gmail.com helbidera idatzi beharko da, haurraren adina eta Zinemaldiko akreditazioaren egiaztagiria zehaztuz.
Edukiera mugatua izango da, %35era murriztuko baitute. Horregatik, gehienez 25 pertsona sartu ahalko dira. Gurasoek osasun-pasaportea erakutsi beharko dute Ludotekara sartzeko. Haurrek, ordea, ez dute agirik erakutsi beharko baina maskara nahitaez erabili beharko dute 6 urtetik gorakoek.