Azeriak ere badabiltza Antondegin
Martuteneko Antondegi eremua hegaztientzako espazio oso baliotsua da, baina hegaztiak ez dira handik dabiltzan animalia bakarrak; ugaztunak ere badabiltza, besteak beste, azeriak. Hain zuzen, Donostiako Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan plataformak hilaren 16an Antondegin grabatutako irudi batzuk argitaratu ditu Twitter sare sozialean, eta bidexka batetik pasatzen den azeri bat ikus daiteke, argi eta garbi.
Azeriaren irudiak baliatuta, eremuaren balio naturala nabarmentzeko aprobetxatu dute berriz ere, Wavegarden enpresak han egin nahi duen olatu artifizialen parkearen proiektua bertan behera uzteko eskatuta. Era berean, proiektuaren aurkako sinadura bilketan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Itsas Enara ornitologia elkarteko Xabier Saralegik azaldu duenez, Antondegiko ugaztunen jarraipena egiten ari da naturzale talde bat, eta hainbat ugaztunen grabazioak lortu ditu: azerienak, azkonarrenak, katajinetenak, lepazurienak, eta abar. Ordea, gehienak gauez egindakoak dira, Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan plataformak argitaratutakoa izan ezik. “Orain arte, bideokamera eta zuzeneko bahaketen bidez, hemezortzi ugaztun espezie aurkitu ditugu Antondegin, zenbaki altua Donostiako eremu batentzako. Antondegi muinoan 6,2 hektareako azalera okupatzeak, sarbide berriak eraikitzeak eta instalazioaren ustiaketak eragin larria izango lukete espezie hauetako askorengan”, azaldu du Saralegik.
Ugaztunez gain, 100 hegazti espezietik gora behatu dituzte hainbat elkarte naturzalek eta ornitologikok Antondegin. Hain zuzen, galzorian den sai zuria grabatu dute berriki inguru horretan, hildako ardi bat jaten.