"Neskon indarra ez da mutilena, baina horrek ez du esan nahi jokatzen ez dakigunik"
Emakume Pilotarien Elkarteko (EPE) kide da Maider Mendizabal pilotari beteranoa, eta Donostian goi mailako emakume pilotarien txapelketa bat antolatu nahian dabiltza.
EPE-k emakume pilotarien Donostia Saria antolatzeko proposamena eraman zuen udalera apirilean, euren ustez, Donostia emakumeen goi mailako pilota txapelketa bat antolatzeko “leku ezin hobea” delako. Horren harira, hedabide honek luze eta zabal hitz egin du EPE-ko Maider Mendizabal pilotari beteranoarekin, proiektua zertan den ezagutzeko. Era berean, emakumeen pilotaren egoerari buruz gogoeta interesgarriak egin ditu Mendizabalek.
Elkarrizketa osoa ostiralean egongo da irakurgai IRUTXULOKO HITZA-ren astekarian eta webgunean, baina ahobizarra kentzen joateko, hemen daukazue aurrerapen txiki bat:
Emakume pilotarien txapelketa handi bat antolatu nahian zabiltzate, baina zergatik Donostian?
Alde batetik, EPE-ko kide gehienak gipuzkoarrak garelako. Horrez gain, Gipuzkoako hiriburua delako, eta pilotarekin izugarrizko lotura daukalako. Pilota garrantzitsua izan da beti Donostian, XX. mendeko erraketistetatik hasita.
Guk ere pilotan jokatzen dugula ezagutaraztea eta emakumeen pilotan ere maila dagoela erakustea da proposatutako txapelketaren helburua, eta hain zuzen, horretarako agertoki ezin hobea iruditzen zaigu Donostia.
Zein frontoitan jokatuko zenukete txapelketa?
Frontoi txiki batean, Antiguakoan. Hemengo frontoi nagusia Atano da, eta oso ondo dago, baina ez da erraza betetzea, eta guretzako luzeegia da. Neskok ondo jokatzen dugu eta erreboteak egiten badakigu, baina frontoi luze batean ez gara iristen. Frontoi txiki batean, ordea, bai. Eta errebote bat ondo egiten eta ekartzen duzunean, jendea liluratuta gelditzen da. Azken finean, guk gauzak modu ezberdin batean egin behar ditugu.
Bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar dira txapelketak, ezta?
Haurren futbolean ate txikiagoak jartzen diren moduan, gure jokoaren ikusgarritasuna hobetzeko, frontoiak txikitu behar ditugu. Neskon indarra ez da mutilena, baina horrek ez du esan nahi jokatzen ez dakigunik. Frontoi handi batean, aldiz, gure trebetasuna galtzen da, eta ez da batere entretenigarria halako partida bat ikustea. EPE-tik asko lantzen ari gara ikusgarritasuna, jendea erakartzeko. Orain jendeak badaki emakumeak esku pilotan aritzen direla, baina ez palan ere aritzen direla. Ordea, askoz ibilbide luzeagoa egin dugu palan. Horregatik EPE-tik asko nabarmentzen dugu palaren garrantzia.
Emakumeen pilotan ere maila altua dago?
Gauza bat esango dizut: guk leku askotan jokatu dugu, sekula emakumeak pilotan ikusi ez dituzten pertsonen aurrean, eta txundituta gelditzen dira; ‘nola jokatzen duten neskek!’, esaten diote elkarri. Noski, ondo jokatzen dugu. Nik 7 urte nituenetik daramat pilotan jokatzen, eta 10.000 orduz baino gehiagoz jokatu dut pilotan. Eta ni bezalako beste pilotari asko daude.
Eta gero eta gehiago, ezta?
Bai, gero eta gehiago, baina orain pilota lehen baino gehiago ikusten delako hedabideetan. Nik garai batean futbolean ere jokatzen nuen, baina emakumeentzako talde gutxi batzuk baino ez zeuden. Orain, aldiz, neskek futbolari izan nahi dute, telebistan emakumeen futbola ikusten hasi direlako.
Gu, ordea, pilotan gaude, eta jendeak ez daki guk ere jokatzen dugula, ezagutarazteko lan asko egin behar dugulako. Oraindik gizonen kirol bat da, eta hein handi batean pixka bat cromagnonena, jende askok duela 50 urte pentsatzen zuen bezala pentsatzen duelako oraindik. Esaterako, jende askok defendatzen du tradizioa errespetatu behar dela eta zuriz jolastu behar dela, betidanik horrela jolastu delako. Horrelako eztabaida zentzugabeak baldin baditugu, ezin gara gauza garrantzitsuetan zentratu, material homogeneo bat egitean, esaterako.
Bestalde, orain hedabideen aldetik sekulako interesa dago pilotan jokatzen duten emakumeak soilik eskuz aritzeko. Aldiz, gutxietsi egiten gaituzte pilota goxoakin jokatzen badugu. Eta palan ez du jende gehiagok jolasten ez delako telebistan ikusten.