Zinemaldiak bere ingurumen-diagnostikoa aurkeztu du
Donostia Zinemaldiak bere ingurumen-diagnostikoa aurkeztu du, ingurumenaren gaineko aztarnaren jatorria zein den eta haren gainean nola jokatu behar den jakiteko egindako kanpo-auditorio baten ostean. Naider enpresa Zinemaldiaren ingurumen-diagnostikoa egiten aritu da azken hilabeteetan. Nazioarteko topaketek eragin ekonomiko eta soziokultural positiboak izan arren, ingurumen-inpaktu nabarmena ere eragin ohi dituela dio enpresak. Zinemaldiak esaterako, 1780.000 ikusle atea 4.300 pertsona akreditaziodun hartzen ditu.
Diagnostikoa egiteko, karbono-aztarna neurtu da, eta inkestak egin zaizkie Zinemaldiarekin lotutako eragile guztiei. Bestalde, prestakuntza- eta trebakuntza-jardunaldi bat egin dute langileekin. Mugikortasuna, hondakinak, kontratazioak, energia eta konpromisoa izan dira aztertu dituzten kategoriak.
Zinemaldiaren inpaktua
Ikerketaren arabera, Zinemaldiak eragin handia du ingurumenean: 568,3 tona co2 egun bakoitzeko. Hala ere, antzeko ekitaldi batzuena baino txikiagoa da. Duela hamarkada bat, jaialdiaren aztarna kalkulatu zen eta filmen, ikus-entzuleen eta akreditaziodunen kopurua nabarmen hazi den arren, emaitza ez da apenas aldatu.
Zinemaldiko mugikortasunak emisioen %75 eragiten du, mundu osoko pertsona akreditaziodunek egindako nazioarteko bidaien ondorioz. Kanpo-faktorea izanik, Zinemaldiak ez du horretan eragiteko gaitasunik eta bere ibilgailu-flotan auto elektrikoen erabilera sustatzen jarraituko du.
Jaialdiaren bederatzi egunetan 4.852 kilogramo hondakin sortzen dira; horien %9 berrerabili egiten da eta %76 berriz, birziklatu. Hondakinaren atala aurre egin beharreko ingurumen-erronka handiena da Zinemaldiarentzat. Besteak beste, behin bakarrik erabiltzeko produktuak ezabatzea, material berrerabilgarriak lehenestea, gaikako bilketa eta bertaratutako pertsonak sentsibilizatzea eskatzen du. Esate baterako, material birziklatuekin egindako moketa emango dio Zinemaldiari Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko alfonbra gorri gisa erabiltzeko, eta Zinemaldia amaitu ondoren, alfonbra horiek birziklatu egingo dira, arropak sortzeko edo beste erabilera batzuk emateko.
Emanaldietan erabilitako energiak, aretoen klimatizazioak eta ostatuen gastuak eragindako inpaktuari dagokionez, kontsumo handiena hirugarrenek egiten dute, hau da, ekitaldia ospatzeko alokatutako gune eta hoteletan gertatzen da, eta horrek murriztu egiten du emisioen zifretan eragiteko gaitasuna. Alabaina, Zinemaldiak dagoeneko hasi du argiztapen halogenotik LED teknologiarako trantsizioa ekitaldiaren kanpoaldean gauzatzen dituen instalazio gehienetan. Aurtengo edizioan, Zinemaldiko kanpoko argiztapen guztiaren %80 LED lanparen bidez egingo da, eta horrek %75eko energia-aurrezpena ekarriko du.