Ibaeta Basketek denboraldi-aurrea hasi du
Ibaeta Basket hastear den 2021/2022 denboraldira begira jarri da dagoeneko, duela hiru egun hasi baitzen entrenatzen. Hain zuzen, Azu Muguruza entrenatzaileak eta Yurena Diaz jokalariak prentsa agerraldia egin dute gaur, eta baikor agertu da Diaz: “Gogo handiz iritsi gara denak, elkar ezagutzeko eta kantxan integratzeko gogoz. Oraindik bi taldekide falta dira [Coulibaly liga hastean helduko da eta Harden, aldiz, bihar], baina beraiek heldu aurretik egiten dugun lana oso garrantzitsua dela uste dut, iristen direnean taldera ahalik eta azkarren egokitu daitezen”.
Taldeak zortzi jokalari berri ditu, eta horri buruz ere hitz egin du Diaz beteranoak: “Oso talde orekatua dela uste dut, indarguneak ditugu postu guztietan, eta orain kantxan elkar ezagutzen saiatzen ari gara, noski”. Era berean, zaleentzako mezu baikor bat bidali du: “Horrela jarraitzen badugu, uste dut partida asko irabazi ditzakegula eta poztasun handia sortu dezakegula”.
Muguruza ere “pozik” eta “ilusioz” agertu da taldearekin, eta nahiz eta taldea kohesionatu arte ez duten helburu zehatzik ezarri, nabarmendu du gustatuko litzaiekeela Erreginaren Kopan ondo lehiatzea eta play off-ak jokatzea.
Une honetan, Ane Esnal, Yurena Diaz, Maria España, Cristina Soriano, Joy Adams, Stephanie Madden, Laura Cornelius eta Andrijana Cvitkovic ari dira Muguruzaren aginduetara entrenatzen, eta denboraldi-aurrea egiten ari dira ere Ordizia taldeko Arene Exteberria eta Elene Sarasola.