Kontxako baranda berritzeko prozesua berrartuko dute
Kontxako baranda berritzeko bigarren fasea pandemiaren ondorioz atzeratu ostean, prozesua berrartu du udalak, eta irailean hasiko dira fase horri dagokion zatia berritzen. Hain zuzen, 152 metro baranda aldatuko dituzte: Antiguako tuneletik gertuen dagoen bigarren eskaileratik Eguzkiren instalazioetara. Proiektuak 1.079.964 euroko aurrekontua du, eta %50a Espainiako Kostaldeetako Ministerioak ordainduko du.
Zati horretako baranda berritzeaz gain, hondartzara ematen duen horma konponduko eta indartuko dute, horretarako aldamio bat jarrita. Era berean, barandaren piezak alboetatik eusten dituzten ostikoak konponduko dituzte, pasealekuko zoladura berrituko dute —handitu ere egingo dute— eta hondartzara sartzeko eskaileretako bateko baranda aldatuko dute.