Maria Inmaculadako klaustroa babesteko eskatu du Ancorak
Groseko Maria Inmaculada ikastetxearen eraikinean garatzekoak diren proiektuaren aurrean, eraikineko klaustroa babesteko eskatu dio Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak Donostiako Udalari. Izan ere, mojek 2013an eraikina utzi, iaz San Pio X.aren parrokia itxi eta aurten Maria Inmaculada eskola itxi ostean, Maria Inmaculada Provincia España fededunen kongregazioak hirigintza proiektu bat garatuko du eremu horretan, eta udalbatzaren onarpena dauka.
Bost solairuko hotel bat, merkataritza gune bat eta 320 aparkalekuko garaje bat eraikitzea aurreikusten du proiektuak, eta Ancorak salatu duenez, eraikin osoa barrutik hustuko dute: “Fatxada modu partzialean mantenduko dute soilik, eta Kortazarrek egindako klaustroa erabat suntsituko dute”. Donostian oso zabalduta dagoen praktika bat dela gaineratu dute: “Eraikin historikoen %70 inguruneko babes soilarekin katalogatu ditu udalak (D maila)”. Horrela, eraikin historikoen kanpoaldea mantenduta, edozer gauza egin daiteke barruan. Ondarearen babeserako elkarteak dioenez, Eusko Jaurlaritzak ikuspuntu hori kritikatu du udalak berriki egin duen HEOBPB-aren berrikuspenaren harira, ez delako Kultur Ondarearen Legeak dioenari egokitzen: “Eraikuntzen balioa ez dagoelako soilik euren kanpoaldeko irudian: tipologia eta egitura kontuak ere aintzat hartu behar dira, mantentzea merezi baitute”. Era berean, Ancoraren ustez, klaustroa babestuta ez egotea “justifikatzeko zaila” da. Horregatik, babesteko eskatu dio udalari, eskaera formal baten bidez.
Eraikinaren historia
Ancorak gogoratu duenez, azken hamarkadotan Maria Inmaculada ikastetxeak eta San Pio X.aren parrokiak okupatu duten eremuan baserri zahar bat zegoen bere garaian, eta Luis eta Benito Kutz anaiek izotz eta gasezko edarien fabrika ere bazen alemaniar garagardotegi bat ireki zuten han 1872an. Handik urte batzuetara, ordea, instalazioak Antiguara eraman zituzten, eta 1914an Ategorrietan zituzten lursailetan hirigintza proiektu bat sustatu zuten. Horren barruan zegoen garagardotegi izandako eraikinari hezkuntza erlijiosoko erabilera ematea, eta Hijas de Maria Inmaculada komentua sortu zuten; neska gazteei etxeko langileak izateko formakuntza eskaintzen zieten han.
Horrela, Ramon Kortazar arkitektoak eraiki zuen estilo neogotikoko komentua 1929an, erdian klaustroa zuelarik. Ondoren, 1958an, Luis Astiazaran arkitektoak erreforma bat egin zuen eraikinean, Kortazarren estiloa jarraituz. Ancorak babesteko eskatu duen klaustroa bi altuera dituzten arku zorrotzez osatutako galeria batek inguratzen du.