Neurriei astelehenera arte eustea erabaki du Labi batzordeak
Aurreikusita zegoen moduan, Labi aholku batzorde teknikoa gaur goizean bildu da, eta indarrean dauden osasun neurriak astelehenera arte mantentzea erabaki du. Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren arabera, “Bizi Berri IV planak eta COVID-19aren pandemiaren kudeaketarako neurrien legeak dituzten irizpideak jarraituz” hartu dute erabakia. Era berean azaldu du egungo neurriak abuztua amaitu arte mantentzeko aholkua eman duela Labi teknikoak, eta egoera epidemikoa hobetuz gero, irailean berrikusteko. Horrela, batzordea astelehenean bilduko da berriz, neurriak malgutzeko aukera dagoen aztertzeko eta erabaki bat hartzeko.
Azken asteotan behera egin du intzidentzia metatuak Euskal Autonomia Erkidegoan, baina Sagarduik zera adierazi du: “Ondo goaz, halere joeraren aldaketak ez du islarik izan ospitaleetako okupazioan edo ZIUetan”. Horregatik, Labi batzorde teknikoak hiru helburu ezarri ditu: “Kurba epidemiologikoaren joera beheranzkoa izaten jarraitzea, birusaren aldaera berriak kontrolpean izatea eta txertaketa ahalik eta hedatuen egotea”.
Azken helburu horren harira, txertoa jasotzeko hitzordua hartzera deitu ditu herritarrak Sagarduik. Izan ere, nabarmendu du ikasturtea hastear denean, Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %56k txertoaren dosi bat ere ez dutela. Horregatik, txertatu gabeko 12 eta 24 urte artekoei SMS mezuak bidali dizkiete, eta sailburuak gogorarazi du irailaren 13ra arte 74.000 hitzordu libre daudela. Era berean, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren helburua biztanleriaren %100 txertatzea dela.
Horrela, honakoak dira une honetan —uztailaren 22tik— indarrean dauden osasun neurriak:
- Segurtasun distantziak mantentzerik badago, kanpoaldean ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea.
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea. Ez dago etxeratze agindurik, baina kalean gauerditik 06:00etara bizikideak soilik ahal dira elkartu. Horrela, ezingo dira jende multzoak elkartu espazio publikoetan, gauez.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe. Ostalaritza establezimenduetan, ordea, gehienez sei pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean.
- Hiriguneetan maskararen erabilera derrigorrezkoa da. Aldiz, bere erabilera ez da derrigorrezkoa natur inguruneetan, igerilekuetan eta hondartzetan, betiere pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzen bada.
- 01:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Lokal eta instalazio guztietan gehieneko edukiera % 35ekoa da, eta jarduera sozial eta kulturaletan eta kirol ekitaldietan bildu daitezkeen pertsona kopurua ere gehiago murriztu dute.
- Kirol ekitaldietan, sozialetan eta kulturaletan edukierak 600ekoak izango dira barruan, eta 800ekoak kanpoan. Guztira 1.600 eta 5.000 arteko pertsonako edukiera duten lekuetan, berriz, edukiera 800ekoa izango da gehienez barruan, eta 1.200ekoa kanpoan. Edukiera 5.000 pertsonatik gorakoa duten lekuetan, aire zabalean badaude, edukiera %40koa izatea erabaki zuen hilaren 4an Espainiako Osasun Sistemako Lurralde Arteko Kontseiluak (espazio itxietan %30ekoa da muga); EAEn, ordea, %20koa izatea erabaki du Jaurlaritzak.
- Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, eta ostalaritzaren neurri berak errespetatu beharko dituzte. Hauen ordutegia 09:00etatik 02:00etara izango da, eta %50eko gehienezko edukiera izango dute.
- Kanpoan, taldean egiten den kirolak ez du pertsona kopuru gehienezkorik, eta barruan gehienez 10 pertsonakoak izango dira taldeak. Aldagelen edukiera %50era handituko da.
- Kanpoko turismo eta natura bisiten taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira, eta barrukoak 10 pertsonakoak.