Willian Josek Betisen jokatuko du denboraldi honetan
Oso zabalduta zegoen zurrumurrua, eta Realak ofizial egin du gaur eguerdian: Willian Jose (Porto Calvo, Brasil, 1991) aurrelari brasildarrak ez du elastiko txuri-urdina jantziko denboraldi honetan. Hain justu, berdearen eta zuriarengatik aldatuko ditu kolore txuri-urdinak, Betisera joango baita. Utzita jokatuko du talde andaluziarrean, 2021/2022 denboraldia amaitu arte.
Willian Jose 2016/2017 denboraldian heldu zen Realera, eta taldeko jokalari garrantzitsuenetako bat izan zen 2019ra arte, gutxi gorabehera. Hortik aurrera, aldiz, ez du horrenbeste garrantzia izan taldean, eta iaz hasi ziren bere irteeraren inguruko zurrumurruak zabaltzen. Momentuz, denboraldi honetan Donostiatik urrun jokatuko du. Guztira, 58 gol sartu ditu Realean.
Hala ere, klub txuri-urdinak ondo beteta dauka aurrelariaren postua, Isak izateaz gain, Alexander Sorloth aurrelari norvegiarrak txuri-urdinez jokatuko duela iragarri baitu.