2021eko Kontxako estropada aurkeztu dute
Pasa den urtean egin zen moduan, aurten ere, COVID-19aren pandemiara egokitutako estropadak antolatu dituzte. Hala ere, hainbat aldaketa egongo direla azaldu dute gaur goizean Donostiako Udaletxean egindako aurkezpenean. Nekane Arzallus Donostiako alkateordea, Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portuen zuzendaria eta Jose Miguel Ayerza ADEGI-ko idazkari nagusia izan dira han.
2020ko Donostiako Estropadak ikuslerik gabe egin ziren. Aurten, ordea, ikusleen parte bat berreskuratu nahi dute. Izan ere, pandemia aurretiko estropadetan izaten zen publiko kopurua %20ra murriztuko dute. Hala ere, “arduraz jokatu beharra dagoela eta egoera oraindik delikatua dela” azpimarratu du alkateordeak. Kostako ohiko puntuetara sartzeko aldez aurretik sarrera erosi beharko da, eta sarrerarik ez duten pertsonei Donostiara ez etortzeko deia egin diete, jende pilaketak ekidin nahi baitituzte.
Aldez aurretik sarrerak erosten dituztenetzat bederatzi ikus eremu prestatuko dira, eta horrez gain, Pasealeku Berriko tribuna ere mantenduko da aurreko ekitaldietan bezala. Maskara nahitaez jarrita eduki beharko da ekitaldiak irauten duen bitartean. Tribunako Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean edo Victoria Eugenia antzokiko leihatilan erosi ahal izango dira 8 euroan abuztuaren 27tik aurrera. Sarrera orokorrak, berriz, 2 euroan salduko dira Victoria Eugenia antzokiko leihatilan abuztuaren 30tik aurrera. Guztira 1.210 sarrera jarriko dira salgai eta pertsona bakoitzak gehienez sei eskuratu ahal izango ditu.
44 ontzi lehiatuko dira aurtengo ekitaldian: 20 emakumezkoen modalitatean eta 24 gizonezkoetan. Emakumezkoen sailkatze estropada irailaren 1ean izango da 17:30ean, eta gizonezkoena irailaren 2an, ordu berean. Irailaren 5eko eta 12ko estropadak, ordea, 10:00etan eta 11:00etan izango dira. Lehendabizi emakumezkoak lehiatuko dira, eta, ondoren, gizonezkoak.
Berrikuntza gisa, orain arte ziabogarako beira zuntzezko baltsen ordez buia esferiko handi batzuk jarriko dira, eta traineruen banderaren kolorea izango dute. Sari banaketari dagokionez, patroiak bakarrik jasoko du Donostiako Bandera eta trainerura jaitsi ostean, taldeko delegatuari entregatu beharko dio. Bandera jasoketa ondorengo jende pilaketak saihesteko helburua daukate. Sari ekonomikoa iazko berdina izango da. Lehen postuko tripulazioei 25.000 euroko saria emango zaie eta horrez gain, Adegik 5.000 euroko sari berezi eta trofeoa eskainiko dizkio emaitzarik onena lortzen duen traineru gipuzkoarrari . Bestalde, EKPk, bi estropadetako babesle nagusiak, trofeo bana emango die bi modalitateetako irabazleei.