Francoren yateak bost pertsona hil zituen Kontxan
1957an, istripu tragiko bat gertatu zen Kontxako Badian, eta ‘Azor’, Francoren itsasontzia, tartean izan zen. Garaiko kronikek albiste txikitzat jotzen dute, baina ezbeharrean bost lagun hil ziren.
Francisco Franco diktadorea Donostiara etortzen zen uda igarotzera, borboitarrek XIX. mendetik izandako ohitura jarraituz. 1941etik 1975era arte Aieteko jauregian igarotzen zituen udako egunak eta Azor izeneko itsasontziarekin nabigatzen zuten eta arrantzan aritzen zen gure kostaldean. Hedabide guztiek ematen zuten haren bisiten berri; gau horretan gertatutakoaren berri, ordea, ez zuten eman.
1957ko abuztuaren 19ko iluntzean, Franco Azor yatean Kontxako Badian nabigatzen ari zela, Santa Klara uhartetik kaira zihoan txalupa baten kontra talka egin zuen.
Santa Klara uhartean eguna pasa zuten bisitariak kaira itzultzeko bidea egiten ari ziren, eta Azor yateko tripulazioa arrantza bidaia batetik bueltan zihoan Getariara. Kolpeak txalupa bitan zatitu zuen eta berehala hondoratu zen.
Diktadorearen itsasontzitik salbamendu-jakak bota zituzten arren, ez zen inor laguntzera gerturatu. Igeri egiten moldatzen zirenek itsasontzira igotzea lortu zuten, baina beste bost itota hil ziren denbora gutxian: Jose Ramon Rubial (9 urte), Manuela Rozado (20 urte) , Benito Amiano (38 urte), Jose de Miguel (30 urte) eta Maria Andrea Dolores (26 urte).
Ontzi alemaniarra
Azor deritzona ez zen itsasontzi bakarra izan. Lehena, 1982a arte izan zen erabilgarri eta bestea 1992an erretiratu zuten.
Lehenengoa –Azor V-0-a– Kielen (Alemania) eraiki zuten, eta Margarette & Dorothea zuen izena. Jabeek, Felipe de Cubas y Urquijo dukeari saldu zioten 1935ean baina 36ko gerra hasi zenean, konfiskatu egin zuten.
Borrokaldia amaitu zenean, Gobernu frankistak bere jabeari itzuli zion, baina beranduago Espainiako Armadari oparitu eta 1947an Espainiako Estatua bihurtu zen yatearen jabea. Urtebete beranduago, Azor V-1-ek ordezkatu zuen lehengoa, eta itsasontzi horrekin gertatu zen ezbeharra.
Ezkutatutako gertaera
Frankistak gertatutakoa ezkutatzen ahalegindu zen. Donostiako Udalak La Voz de España-n eskela xume bat besterik ez zuen jarri abuztuaren 21ean. Artzain Onaren katedralean hildakoen omenezko hileta egin zuten. Elizara, ordea, hiru gorpu besterik ez zituzten eraman, Benito Amiano eta Jose de Miguel Martinezen gorpuak urpean egon baitziren hiru edo lau egunez.
Francoren agindupeko hedabideek gertatutakoaren berri eman zuten, baina hitz eta lerro gutxitan, eta hainbat datu ezkutatuz. La Voz de España eta Diario Vasco-k azaldutakoaren arabera, diktadorea ez zegoen itsasontzian istripua gertatu zenean, eta bertako tripulatzaileak heroi moduan irudikatu zituzten.
Iñaki Egaña historialari eta Euskal Memoria Fundazioko lehendakariak gertatutakoaren inguruko ikerketa bat abiatu zuen. Biktimen familiekin hitz egin zuen, eta hedabideek jasotakoaren oso bertsio ezberdina kontatu zioten.
Diktadorea itsasontzian zegoen, eta zaurituak oraindik erreskatatu gabe zeudela, Aietera eraman zuten salbu egon zedin. Bitarte horretan ito ziren txalupako bost kideak, eta istripuaren lekukoak isilik geratu ziren, hitz egiteak izan zitzakeen ondorioen beldur zirelako.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak Mari Luz Iglesias, istriputik bizirik atera zen emakumeetako bat elkarrizketatu du aurten. 88 urte ditu jada, baina ondo gogoratzen du gau horretan gertatutakoa. Uhartetik itzultzeko azken txalupa zen, eta ohikoa zen moduan eguraldi ona egiten zuen egunetan, beste bira bat ematen zioten uharteari. Halako batean, abiadura handiz haiengana zihoan itsasontzi handi bat ikusi zuten: Azor, hain zuzen ere. «Gogoan dut nolako zarata egin zuen zurak hautsi zenean; hondora joan ginen denok», adierazi du Iglesiasek.
Zortea izan zuen, ahal izan zuen moduan igeri egin eta itsasontzira igotzea lortu baitzuen. Ontzigainean hilotzak ikusi zituela gogoratzen du. Hala ere, Iglesiasen ustetan, ez ziren bost hildako izan, sei baizik. Ez dago seigarren hildakoaren inguruko informaziorik, baina Iglesiasek beti pentsatu izan du hori.
Marinel batzuek istripuan galdutako objektuak berreskuratuko zituztela esan zieten, baina ez zuten inoiz horrelakorik jaso. Aseguru etxearen arabera, txalupak ez zituen argi nahikoak, baina Mari Luz Iglesiasen hitzetan, hori gezurra da, uhartetik ez baitziren ilunpean irtete