Klima aldaketaren aurrean, plan orokor berria
Errekor guztiak hautsi dira uda honetan, muturreko tenperatura pairaezinak, ikaragarrizko suteak eta uholde itzelak. Klima aldaketa hemen da, eta uste baino azkarrago dator. Tokian tokiko neurriak hartu behar dira, eta hiriko plan orokor berria bide-orria izan liteke. Udalak norabidea aldatu behar du.
Urterik beroena, tenperaturarik altuenak, zabaltzen eta areagotzen doazen lehorteak, Ipar Polo, Groenlandia edo permafrostaren izotz desegite eta urketa nahiz glaziarren atzeratze eta desagertze prozesua, sute erraldoiak, eguraldian muturreko fenomenoak gero eta maizago, gero eta bortitzagoak… Klima aldaketa gainean dugu, gertatzen ari da, azkar gainera, uste baino azkarrago. Nazio Batuen Erakundeak IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change-Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea) taldearen 6. txostena argitaratu berri du (abuztuaren 9an), inongo zalantzarik gabe klima aldaketa gizakiaren jarduera eragiten ari dela ziurtatuz, eta horren kausaz gertatzen ari diren ondorioak denbora luzean nahitaez pairatzen jarraituko ditugula gehituz.
IPCCren txostenak, ordea, itxaropenerako leihoa irekita utzi du soilik 1,5ºC-ko tenperatura igoera posiblea dela baieztatzean, baina horretarako aldaketa sakonak behar direla, berehala. Negutegi efektuko gas nagusiak karbono dioxidoa, oxido nitroso eta metanoa dira. Neurketak daudenetik atmosferan gas horien kontzentraziorik altuenak neurtu dira azken urtean. Metanoarena abeltzaintza intentsiboaren, petrolioaren eta hondakinen kudeaketa okerraren ondorio zuzena da, besteenak garraioa, industria eta energiaren sorreran sorburua du. Orain arte hartutako erabakiak motz gelditu dira. Ahalegin guztiak eta bi egin beharko ditugu mende amaierako tenperaturaren igoera 2, 3 edo 4 ºC-koa izatea nahi ez badugu. Bitartean egokitzapen planak abian jartzeko premia begibistakoa da, ezinbestean pairatuko ditugun ondorioak eta aipaturiko muturreko fenomenoen kalteak gutxitu nahi baditugu behintzat.
Ez soilik urrutiko adibideak
Kanadan edo Alaskan inoiz neurtu diren tenperaturarik altuenak jasan dituzte, berdin Ipar Poloan edo Hegokoan, Mediterraneoan. 49ºC-tik gora Kanadan, 50,2ºC Tunezen eta 48,8 ºC Sizilian. Sute ugari eta erraldoiak Kanadan bertan edo Amerikako Estatu Batuetan, Australian eta Brasilen. Berriki Mediterraneoa sutan ikusi dugu: Grezia, Turkia, Italia hegoaldea, Sizilia erdia bera erre da, edo Aljeria. Uholde ikaragarriak Europan: Belgika, Alemania, Suitza… Asiako tifoi ugari eta bortitzak, Afrikako lehorteak… Zerrenda luzeegia. Gainean dugu eta ez goaz ongi.
Urrutiko adibideak direla pentsatuko du norbaitek, baina Pirinioetan glaziarrak desagertzen ari dira azkar. Larran pilatzen zen elurra asko jaitsi da, eta udaberrian metrotik gora egoten zen tokietan zentimetro batzuk baino ez dituzu topatuko. Euria egiteko modua ere aldatzen ari da, eta muturreko fenomenoak sarriago gertatzen dira: haizeteak, itsas enbatak, uholdeak… Neguak, beroagoak eta lehorragoak. Gipuzkoan negua izaten da mendiko suteei begira urtarorik arriskutsuena eta aipaturiko baldintzek, hego-haize indartsua gehituta (ingurumen terroristek nahita eraginda), otsailean Bidasoako sute ikaragarria ekarri zigun non Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako 2000 ha erre ziren eta Aiako Harria Parke Naturaleko erreserba eremu bat, balio handikoa, kaltetua suertatu zen. Hor dugu Jaizkibel. Mendizorrotz erre da 2002an, 2007an eta 2015ean. Denok ditugu gogoan 2014ko otsailean izan ziren olatu erraldoiak, Urumeatik barne Martuteneraino iritsi zirenak eta besteak beste zubiak kaltetu zituztenak. Martutenen bertan, Txomiñenean, Loiolan, Herreran eta Ibaetan ezin dituzte bizitako uholdeak burutik kendu, eta nork ez du gogoan han hemenka haizeak botatako dozenaka zuhaitz handien irudiak.
Aurtengo udari udazken tankera hartu diote batzuek. Mediterraneoan eta Penintsula erdia kiskaltzen ari zen bitartean, gurean lainoa itsatsita, zirimiria eta tenperatura freskoa. Aditu batzuen arabera, halakoxeak bilakatu daitezke udak, neguak, berriz, lehorragoak eta leunagoak. Horrek ez gaitu, ordea, muturreko fenomenoetatik salbu utziko.
Baina Donostiako Udala zertan ari da?
Esan bezala, egoerak erabaki ausart bezain azkarrak behar ditu, erabateko aldaketa eskatzen du. Erronka ikaragarria, jakina, nazioartean jokatzen dena eta mundu globalizatuak zailtzen duena, baina agertokirik latzena ekidin nahi badugu, heldu beharko diogu, txikitik handira, bertatik mundura, tokian tokiko neurriak eta politikak ezarriz.
Donostiako Udalak Klima Larrialdia deklaratu du, baina ildo beretik jarraitzen du, diskurtso berdeagoa, ekintza berdinak. Aurrekoan Udalak non jartzen dituen lehentasunak kritikatzen genuen. Ez dugu ulertzen nola ez dituen gerriko berdea, parkeak eta zuhaitzak blindatzen eta bultzatzen. Belartza Goikoa eta Antondegiren artifizializaioa sustatzea, behar ez ditugun azpiegiturak, hotelak, herrigunean supermerkatuak eta parkinak, turismoa eta turismoa… Horri garapen iraunkorra esaten diote? Ulertezina batzuen interes ekonomikoaren ikuspegitik ez bada. Idaztekoa den Plan Orokor berrian aldaketarako aukera paregabea du gobernuak; koherentzia baino ez diogu eskatzen.