"Ez dago Donostia baino leku hoberik antolatu nahi duguna egiteko"
Emakume Pilotarien Elkartea (EPE) proposamen berezi batekin joan zen pasa den apirilean udalera: emakume pilotarien Donostia Saria sortzea, goi mailako emakume pilotarien eskuzko eta palazko txapelketa. Maider Mendizabal (Anoeta, Gipuzkoa, 1977) palazko pilotari beteranoa izan zen proposamena aurkeztu zuenetako bat, EPE-ko zuzendaritzako kide baita. Dioenez, Donostia «leku ezin hobea» da horrelako txapelketa bat antolatzeko. Horrez gain, emakumeen pilotaren egoerari buruz ere hausnartu du.
Emakume pilotarien txapelketa handi bat antolatu nahian zabiltzate, baina zergatik Donostian?
Alde batetik, EPE-ko kide gehienak gipuzkoarrak garelako. Horrez gain, Gipuzkoako hiriburua delako, eta pilotarekin izugarrizko lotura daukalako. Pilota garrantzitsua izan da beti Donostian, XX. mendeko erraketistetatik hasita.
Guk ere pilotan jokatzen dugula ezagutaraztea eta emakumeen pilotan ere maila dagoela erakustea da proposatutako txapelketaren helburua, eta hain zuzen, horretarako agertoki ezin hobea iruditzen zaigu Donostia.
Donostian emakumeen pilotak izandako hainbat mugarri nabarmendu zenituzten proposamenean.
Emakume erraketistetatik, besteak beste, Emakumea Pilotari proiektura arte. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 2004an sortu zuen proiektu hori, eta duela gutxi arte funtzionamenduan izan da. Nahiko talde itxurosoa bildu ginen proiektuaren bueltan, eta Gipuzkoako herri nagusienetako seitan garatu genuen, sustapen eta aisialdi jarduerak egiten. Sei herri horietako bat Donostia izan zen. Esaterako, haurrentzako paleta eskola bat sortu nahi izan genuen hemen, baina ezin izan genuen. Interesa zuten neska asko aurkitu genituen, baina zailtasun handiak izan genituen entrenamenduetarako egunak eta orduak zehazteko. Hala ere, aisialdi taldea sortu genuen, eta 60 emakume etorri ziren lauzpabost urtez. Ondoren, hainbat faktore direla medio, taldea txikitzen joan da, eta gaur egun 25 bat emakume elkartzen dira astero.
Bestalde, pilotari federatuontzako ere garrantzitsua izan da beti Donostia, hainbat txapelketatako finalak Atanon jokatu izan ditugulako: Gipuzkoako txapelketakoak, Emakumea Pilotari proiektukoak, eta abar. Horrez gain, Gascako trinketea urte luzez erabili dugu; berritu egin zuten arte, orain kaka bat da eta. Ez dago Donostia baino leku hoberik antolatu nahi duguna egiteko.
Zein frontoitan jokatuko zenukete txapelketa?
Frontoi txiki batean, Antiguakoan. Hemengo frontoi nagusia Atano da, eta oso ondo dago, baina ez da erraza betetzea, eta guretzako luzeegia da. Neskok ondo jokatzen dugu eta erreboteak egiten badakigu, baina frontoi luze batean ez gara iristen. Frontoi txiki batean, ordea, bai. Eta errebote bat ondo egiten eta ekartzen duzunean, jendea liluratuta gelditzen da. Azken finean, guk gauzak modu ezberdin batean egin behar ditugu.
Bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar dira txapelketak, ezta?
Haurren futbolean ate txikiagoak jartzen diren moduan, gure jokoaren ikusgarritasuna hobetzeko, frontoiak txikitu behar ditugu. Neskon indarra ez da mutilena, baina horrek ez du esan nahi jokatzen ez dakigunik. Frontoi handi batean, aldiz, gure trebetasuna galtzen da, eta ez da batere entretenigarria halako partida bat ikustea. EPE-tik asko lantzen ari gara ikusgarritasuna, jendea erakartzeko. Orain jendeak badaki emakumeak esku pilotan aritzen direla, baina ez palan ere aritzen direla. Ordea, askoz ibilbide luzeagoa egin dugu palan. Horregatik EPE-tik asko nabarmentzen dugu palaren garrantzia.
Emakumeen pilotan ere maila altua dago?
Gauza bat esango dizut: guk leku askotan jokatu dugu, sekula emakumeak pilotan ikusi ez dituzten pertsonen aurrean, eta txundituta gelditzen dira; ‘nola jokatzen duten neskek!’, esaten diote elkarri. Noski, ondo jokatzen dugu. Nik 7 urte nituenetik daramat pilotan jokatzen, eta 10.000 orduz baino gehiagoz jokatu dut pilotan. Eta ni bezalako beste pilotari asko daude.
Eta gero eta gehiago, ezta?
Bai, gero eta gehiago, baina orain pilota lehen baino gehiago ikusten delako hedabideetan. Nik garai batean futbolean ere jokatzen nuen, baina emakumeentzako talde gutxi batzuk baino ez zeuden. Orain, aldiz, neskek futbolari izan nahi dute, telebistan emakumeen futbola ikusten hasi direlako.
Gu, ordea, pilotan gaude, eta jendeak ez daki guk ere jokatzen dugula, ezagutarazteko lan asko egin behar dugulako. Oraindik gizonen kirol bat da, eta hein handi batean pixka bat cromagnonena, jende askok duela 50 urte pentsatzen zuen bezala pentsatzen duelako oraindik. Esaterako, jende askok defendatzen du tradizioa errespetatu behar dela eta zuriz jolastu behar dela, betidanik horrela jolastu delako. Horrelako eztabaida zentzugabeak baldin baditugu, ezin gara gauza garrantzitsuetan zentratu, material homogeneo bat egitean, esaterako.
Bestalde, orain hedabideen aldetik sekulako interesa dago pilotan jokatzen duten emakumeak soilik eskuz aritzeko. Aldiz, gutxietsi egiten gaituzte pilota goxoakin jokatzen badugu. Eta palan ez du jende gehiagok jolasten ez delako telebistan ikusten.
Txapelketa gehiago antolatu behar dira nesken pilota ezagutarazteko?
Goi mailako txapelketa bat antolatzeko beharra ikusten dugu. Hortik dator Donostiako proposamena. EPE-ko pilotari onenak ekarri nahi genituen txapelketara, EPE-ko kide izatearen garrantzia ere nabarmendu nahi dugulako, baina Iparraldeko onenak ere ekarriko genituzke, esaterako. Ideia txapelketa urtero antolatzea da, eta behin txapelketa egonkortuta, gure helburua izan behar da munduko pilotari onenak ekartzea. Horretarako, ordea, ordaindu egin behar da, eta gu musu truk jokatzen ari gara beti. Soilik txapelketen antolaketan enpresak sartzen direnean kobratzen dugu, eta enpresak diren modukoak direnez, oso gutxi kobratzen dugu. Horregatik sortu genuen EPE, gauzak modu duin batean gure kabuz antolatzen hasteko.
Leku askotan, argazkian ondo gelditzeko antolatzen dituzte nesken partidak, baina gero ez digute ordaintzen; mutilei, ordea, beti ordaintzen diete. Nire curriculuma ikusten baduzu, esku pilotako lehenengo mailako baino mutil askok baino ibilbide hobea daukat. Orduan, zergatik ez didazu ordaintzen?
Beraz, emakumeen pilotaren egoera hobetzea da EPE-ren helburu nagusia.
Pilotari gazteek guk izan ez duguna izan dezaten lan egiten dugu, ez beste ezergatik. Nik jokatzen eta pilotaren munduan murgilduta jarraitu dut gustatzen zaidalako, baina ez beste ezergatik. Esaterako, ni lau aldiz izan naiz munduko txapeldun, eta munduko txapelketa irabazteagatik 2.000 euroko beka bat ematen dizute. 2.000 euro baino ez! Eta lau hilabete pasa dituzu etengabe entrenatzen.
Nolakoa izango litzateke Donostiako txapelketa?
Udan egitea da guretzako aproposena, eta udan dauden ekitaldi guztiekin, hedabideek jarraipena egitea nahi badugu, txapelketa azkar bat izan behar da. Gainera, streaming bidez emateko asmoa dugu, ahalik eta jende gehienarengana iristeko. Beraz, asteburu bateko goi mailako txapelketa bat egingo genuke. Hala ere, gauza ondo joango balitz, joango ginateke txapelketa handitzen. Lehenengo urtean, EPE-ko goi mailako hiru palista bikote eramango genituzke, eta Iparraldeko bikote onena ere ekarriko genuke. Iparraldekoei materiala aurretik bidaliko genieke, frontoi txikian entrenatu dezaten, ondoren gure txapelketa ahalik eta ikusgarriena izateko. Esku pilota txapelketa ere egingo genuke, gure lau pilotari onenekin, erakusteko horiek direla benetan pilotari onak, Plazandreak-ekoak baino askoz hobeak baitira.
Beteranoek eta gazteek hartuko lukete parte?
Eskuz bi beteranok eta bi gaztek jokatuko lukete, buruz buru. Gainera, Antiguako frontoian ikusgarria izango litzateke horrelako txapelketa bat. Buruz buru jokatzea oso polita da, baina maila tekniko ona baldin badaukazu. Gure lau pilotariekin, uste dut partida politak izango liratekeela. Txapelketa ikustera datorren jendea liluratuta gelditu behar da, eta hurrengo urtean itzultzeko gogoak izan behar ditu. Horretarako, ordea, diru kopuru duin bat behar da, eta pilotariei ere esan genien profesionalak izango balira bezala entrenatzeko konpromisoa hartu beharko luketela.
Udalaren erantzunik jaso duzue?
Udal teknikari baten erantzuna izan dugu, eta zera esan digu: ‘mahai gainean ikusi dut erantzun gabeko zuen eskaera bat daukagula; jakin ezazue diru-laguntza batzuk ditugula orain irekita, beraz, hortik eskatu’. Alegia, asko jota datorren urtean ahalko genuke zerbait antolatu. Eskaera aurkeztu genuenean, udalekoekin bilera bat izan genuen, eta esan ziguten diru gehiegi eskatzen ari ginela, eta udalak ezin zuela horrenbeste jarri. Esan ziguten entitate pribaturen bateko dirua bilatzeko, eta goi mailako kirola denez, Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiteko. Gu, ordea, Jaurlaritzara joan gara, eta esan digute beraiek dirua ematen diotela Euskadiko Pilota Federazioari. Eta federaziora joaten garenean, esaten digute ez daukatela dirurik. Hau da, alde batetik bestera gabiltza, eta tontoak dirudigu. Esan ezazu ezin duzula txapelketa antolatu eta ez duzula antolatu nahi; askoz hobeto da horrela. Uda pasatzean udalarekin harremanetan jarri nahi dut, galdetzeko ea ganorazko zerbait egin ahalko dugun.
Eskaera honen harira, lortu dugu Gasteizen master bat antolatzea. Horrela, Gasteizko, Bilboko eta hemengo udaletan EAJ dagoenez, pentsatu dugu batek antolatu ondoren, denek antolatu nahiko dutela zerbait. Gasteizko Kiroletako zinegotziarekin egin genuen bileran, behintzat, ikusi genuen berak bazuela zerbait egiteko gogoa. Horregatik, espero dugu datorren urtean zerbait antolatu ahal izatea Donostiaren, Bilboren eta Gasteizen artean. Beraientzako gozoki bat dela iruditzen zait: hiriburu bakoitzak 10.000 euro inguru jartzearekin nahikoa da ganorazko zerbait antolatzeko, eta gero emakume palisten zirkuitua antolatu izanaren domina jarri dezakete.
Erakunde publikoak konprometituta daude emakumeen pilota eta emakumeen kirola sustatzeko?
Nire iritziz, asko hitz egiten dute, baina ez dute ezer egiten. Guk 20.000 euro inguru eskatu dizkiogu Donostiako Udalari, eta bilera horretan esan ziguten diru asko zela. Ados, baina ezin dut sinetsi udalak ez daukala enpresa jakin batzuekin harreman nahikoa txapelketa antolatzeko dirua eskatu ahal izateko. Gainera, enpresa horiek gero kenkari moduan deklaratu dezakete txapelketa antolatzeko jartzen duten dirua; dena guztiz legezkoa da. Nahi dutenean, erraz egiten dituzte horrelako gauzak.
Donostian antolatu nahi duzuenaren antzeko zerbait antolatu duzue inoiz?
Hasiera batean, denboraldiaren amaieran EPE-ren goi mailako txapelketa sortzea zen gure asmoa. Tolosan egitea pentsatu genuen, eta dena lotuta geneukan. Ordea, pandemia heldu zen, eta ezin izan dugu egin. Bost jardunaldiko txapelketa bat antolatzekoak ginen, gure pilotari onenekin. Pilotariak motibatzeko modu bat da hori, zeren, bigarren mailako pilotari bat bazara, lehenengo mailakoa izateko lan egingo duzu, badakizulako horrela goi mailako txapelketa bat jokatuko duzula, kontratu duin bat egingo dizugula, eta abar. Benetan hobetzeko eta gora egiteko zer egin beharko duzu? Txapelketa pribatuak jokatu beharrean, Gipuzkoako txapelketa jokatu, esaterako. Hau da, sistema federatua indartzeko modu bat ere bada.
Izan ere, gaur egun, pilotari askok ez dituzte txapelketa federatuak jokatzen, bestelakoetan hobeto ordaintzen dietelako eta erosoagoa delako. Mutilen esku pilotan, Euskadiko Ligako ohorezko kategorian ez dute onenek jolasten, paso egiten dute. Mutiletan eskuetatik joan zaie, eta nesketan, palan ez da inoiz gertatu, baina eskuan mutilekin egin duten gauza bera egiten ari dira. Hau da, federazioek txapelketak antolatzen dituzte, baina pilotariek ez dute izena ematen; orain aitzakia da pilota goxoarekin jokatzen dela. Ordea, gero erakunde pribatuek antolatutako txapelketetara joaten dira, edozein pilotarekin eta edozeinen aurka jokatzera, inolako egitura seriorik gabe. Hori ETBk Plazandreak-ekin egiten duen gauza bera da: egungo ogia, biharko gosea. Pixkanaka ereiten joan behar dugu, eta pilotariek euren partetik gehiago jarri behar dute, jartzen dutena baino askoz gehiago. Hori uste dugu EPE-n. Zergatik? Gu bidezidorretatik joan garenez, saiatzen ari garelako gazteentzako autobide bat egiten.
Desberdintasun handiak daude zu pilotan hasi zinenean emakume pilotariek bizi zenuten egoeraren eta gazteek bizi dutenaren artean?
Bai, zentzu guztietan. Guk bakarrik jokatzen genuen, materiala guk erosten genuen eta edozein frontoitan ibiltzen ginen. Hasi nintzenean, nik eskuz jokatzen nuen Anoetan, baina mutilekin. 14 urte bete nituen arte. Hortik aurrera, ordea, nahiz eta ni teknikoki hobea izan, edozein mutilek irabazten zidan, ni ez nintzelako hirutik pasatzen! Izan ere, 12 urte ingurura arte neska bat mutil bat baino gehiago izan daiteke frontoian, baina hortik aurrera, pilota ez bazaizu eskuetatik ateratzen, jai daukazu, nahiz eta teknikoki hobea izan. Eta niri ez zitzaidan pilota eskuetatik ateratzen. Patriri [Espinar], esaterako, pilota eskuetatik ateratzen zaio, eta jubeniletara arte aguantatu zuen mutilekin. Mutilekin jokatzeari utzi nionean, esan zidaten Intxaurrondon bazebiltzala neska batzuk palan jokatzen, eta hara joaten hasi nintzen. Nire adineko neskekin jartzen ninduten, baina ni beraiek baino askoz hobea nintzen. Nola ez nintzen hobea izango? 7 urtetatik frontoian sartuta neraman eta! Horregatik, joateari utzi nion, eta nire kabuz entrenatzen jarraitu nuen, baina pala txapelketak jokatzen hasi nintzen.
Orain, aldiz, dena askoz antolatuagoa da: entrenamenduak bi astean behin dituzu, material egokia ematen dizute, eta abar. Zer gertatzen da orain? Astean bitan entrenamenduak dituztela, eta ez zaiela okurritzen ordu horietatik kanpo frontoira euren kabuz joatea. Horrela, noiz iritsiko zara 10.000 ordu entrenatu izatera?
Gazteak kontziente dira orain arte egin duzuenaz?
Ez, ez zaielako tokatu guk bizitako guztia bizitzea. Orain, 15 urteko pilotari bati 50 euro ordaintzen dizkiote edozein jaialditako partida jokatzeko, eta ez zaio beste ezer inporta. Batzuetan haserretzen naiz, baina gero pentsatzen dut: ‘niri 15 urterekin 50 euro ordaindu izan balizkidate, pozaren pozez egongo nintzateke’. Ez duzu pentsatzen jaialdi hori antolatu duenak 3.000 euro kobratu dituela, eta asko jota, pilotarietan 300 euro gastatu dituela. Beraz, orain hori gertatzen ari zaigu: eskuan eta palan oso onak diren eta are hobeak izan daitezkeen pilotariak ditugu, baina ez dute beharrik ikusten ezergatik borrokatzeko.
‘Plazandreak’ telebista saioa aipatu duzu hainbatetan. Zer iruditzen zaizu saioa?
Oso ondo dago telebistan emakume pilotariak ikustea, baina serioak izan behar dugu. Hau da, ezin da esan hor ikusten direnak izugarri onak direla, jendea ez delako tontoa. Esan ezazu orain hasi direla maila horretan jokatzen, pixkanaka hobetzen joango direla, eta abar. Jendea ez da ausartzen publikoki esatera hori kaka bat dela, baina bakoitzak bere etxean esaten du. Eta arrazoi guztiarekin. Paleta larruzko partida batean esaten badidazu kaka bat dela egiten duguna, ‘jar zaitez zu’, esango dizut. Baina Plazandreak-ekoa toke erdiko pilotarekin jokatzen duten esku pilota da, eta sekulako takoekin jokatzen dute. 8 urte dituzunetik eskuz aritzen bazara, eta progresio normal bat egin baduzu, toke erdiko pilotarekin takorik gabe jokatu behar duzu. Hauek, ordea, takoekin eta eskuak txikituta ari dira jolasten. Gainera, kazetariek asko lausengatzen dituzte. Hori ari zara bultzatzen? Hori ez doa inora, eta horregatik, nik ez dut babestuko. Eskua babestuko dut, baina gauzak ondo eginda. Hau da, ezin zara telebistako saio batean atera ezkerrarekin ematen jakin gabe. Baina txarra baldin bazara, eta prentsak esaten badizu izugarri ona eta erreferentea zarela, ez duzu ezkerrarekin hobetzeko beharrik ikusiko.
Donostiako txapelketa antolatzerik ez baduzue, zer asmo dituzue aurrera begira?
EPE-n gauza asko ditugu egiteko. Esaterako, guretzat oso garrantzitsua da klubekin harreman ona izatea, eta horretan gabiltza. Izan ere, emakumeen pilotaren munduan gutxi gara, eta elkarrekin egon behar dugu gauza txukunak egiteko, familia handi bat sortu behar dugu. Giro ona sortu behar dugu, giro ona dagoenean jendea prest dagoelako txapelketak jokatzeko, entrenatzeko eta edozertan laguntzeko. Baina gauzak ondo eta modu serioan egin behar dira, aurrera begira baliagarriak izateko. EPE-tik elkarlana sustatzeko lan egiten ari gara, baina ez gara leku guztietara iristen, ez baikara hortik bizi, gure denbora librean egiten dugu EPE-ko lana. Horregatik, mantsoago goaz; hala ere, pauso aurrerapauso baliagarriak ematen baditugu, nahiago dut mantso joan, etorkizunean nabarituko baita. Nire 5 urteko alabak egunen batean pilotaria izan nahi badu, gustatuko litzaidake guk izan duguna baino askoz egitura sendoagoa izatea.