Uda berantiarra
Abuztua amaitzear dago, baina badirudi uda orain dela hastear. Uztailean izandako egun gris eta tristeek ez digute hondartza eta uda giroaz gozatzen utzi. Orain ordea, udako oporrak amaitzear direnean iritsi da eguzkia, edo hori dirudi behintzat. Igeldoko jolas parkeko miradoretik Ondarretako hondartzari begiratzen diote turistek, eta ohiko irudia izan beharko lukeena, salbuespen bihurtu da aurten. Negu giroko egunek udaren bizitasuna kendu diguten arren, berandu iritsitako udaz gozatzen ari da jendea. Ahaztuta bagenuen ere, udako eguzkiaren distirak bizitasuna ematen dio paisaiari: bainujantzi eta toalla koloretsuak, urre koloreko hondarra eta itsasoko ur gardena. Artista batek margotutako koadro bat dirudi. Irailak benetako uda giroa ekarriko digula diote itxaropentsuek, baina behar bada datorren udara arte itxaron beharko dugu.