31 autobus linearen ibilbidea ez murrizteko eskatzen ari dira
Dbusek aldaketak egingo ditu hainbat autobus lineetan irailaren 1etik aurrera, hiriko abidura muga berrien ondorioz; hain zuzen, hiriko bide gehienetako abiadura muga 30 kilometro ordukoa da maiatzetik. 31 Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza linea da murrizketak izango dituen lineetako bat, eta Altzako, Herrerako eta Intxaurrondoko hainbat elkarte horren aurka mobilizatzen hasi dira.
Hain justu, Altzako eta Herrerako hainbat geltoki kentzea aurreikusten du Dbusek: Herrera 20, Herrera 42, Erroteta Behekoa, Santa Barbara, Altzako Anbulatorioa, Nerecan, Txapinene, San Martzial eta Martillun. Horregatik, Dbusen murrizketen aurkako sinadura bilketa bat abiatu dute eragile hauek: Elkartasuna Altzako Auzo Elkartea, Herripe Herrerako Auzo Elkartea, Izbe Intxaurrondoko Auzo Elkartea, Ostadar Larratxoko Emakumeen Elkartea, Oletako Auzo Elkartea, Osteguna Larratxoko Auzo Elkartea, Plazandreok eta Showtime Elkartea.
“Altza da, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Gipuzkoako eremu ahulena. Gainera, ospitaleetatik urrunen dagoen auzoa da, eta 31 linea emakumeek erabiltzen dute gehienbat. Beraz, 31 linean murrizketak egiteak zaurgarritasun hori larriagotzen du!”, salatu dute eragileek.