Saltokien edukiera %60ra igoko dute, ostalaritzarena %50era eta estadioena %30era

Ostegunean uztailaren 22tik indarrean dauden osasun neurriak berretsi ostean, Labi batzordea berriz bildu da gaur, eta irailetik aurrera neurriak malgutzea erabaki du. Hain zuzen, saltokietako eta ostalaritza establezimenduetako edukiera %35era murriztuta dago gaur egun, eta muga hori %6ora igoko dute saltokietan eta %50era ostalaritza establezimenduetan. Bestalde, ostalaritza establezimenduetan mahai bakoitzeko gehienezko pertsona kopurua seikoa da orain, eta zortzikoa izango da aurrerantzean.
Era berean, futbol estadioetan eta 5.000 pertsonako edukieratik gorako instalazioetako edukiera maxikoa %20tik %30era igoko dute; hain zuzen, Anoetan 11.850 lagun sartu ahalko dira (orain arte, 8.000 inguru ziren). Gainera, gizarte, kultura edo kirol ekitaldietan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean eta 800 pertsona kanpoaldean. 600 eta 5.000 pertsona sar daitezkeen lekuetan 800 pertsona sartu ahal izango dira barrualdean, eta 1.200 pertsona kanpoaldean. Neurri horiek guztiak asteazkenean, irailaren 1ean, sartuko dira indarrean.
Horrela ere, barrualdeetan maskara derrigorrez erabiltzen jarraitu beharko da, baita pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun distantzia mantentzen jarraitu ere. Era berean, gazteen lokalak itxita mantenduko dituzte, eta ostalaritza establezimenduen itxiera ordua 1:00etan mantenduko dute.
Hastear den ikasturteari dagokionez, iazko neurriei eutsiko diete momentuz — maskararen derrigorrezko erabilera, garbitasun eta higiene neurriak, metro eta erdiko segurtasun distantzia, eta abar—, baina gainontzeko herritarrekin egiten ari diren moduan, txertatuta dauden ikasleek ez dute berrogeiladirik egin beharko.
Azken asteotan EAEko intzidentzia metatua etengabe jaitsi ostean hartu dituzte erabakiak. Hain zuzen, EAEko azken hamalau egunetako intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 400 kasuen azpitik dago, eremu gorritik kanpo, alegia.
Horrela, honako hauek dira irailaren 1etik aurrera indarrean egongo diren osasun neurriak:
- Segurtasun distantziak mantentzerik badago, kanpoaldean ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea.
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea. Ez dago etxeratze agindurik, baina kalean gauerditik 06:00etara bizikideak soilik ahal dira elkartu. Horrela, ezingo dira jende multzoak elkartu espazio publikoetan, gauez.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe. Ostalaritza establezimenduetan, ordea, gehienez zortzi pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean.
- Hiriguneetan maskararen erabilera derrigorrezkoa da. Aldiz, bere erabilera ez da derrigorrezkoa natur inguruneetan, igerilekuetan eta hondartzetan, betiere pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzen bada.
- 01:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Saltokietako gehienezko edukiera %60koa da, eta ostalaritza establezimenduena %50ekoa.
- Edukiera 5.000 pertsonatik gorakoa duten lekuetan, edukiera %30ekoa da.
- Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, eta ostalaritzaren neurri berak errespetatu beharko dituzte. Hauen ordutegia 09:00etatik 02:00etara izango da, eta %50eko gehienezko edukiera izango dute.
- Kanpoan, taldean egiten den kirolak ez du pertsona kopuru gehienezkorik, eta barruan gehienez 10 pertsonakoak izango dira taldeak. Aldagelen edukiera %50era handituko da.
- Kanpoko turismo eta natura bisiten taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira, eta barrukoak 10 pertsonakoak.