Made in Spain sailak zortzi ekoizpen izango ditu
Donostia Zinemaldiko Made in Spain sailak zortzi ekoizpen espainiar jasoko ditu aurten, eta erdiak lehen produkzioak izango dira. Urteko hainbat film espainiar biltzen dituen sail ez-lehiakorrak Cannesko, Rotterdameko, Malagako eta gijongo jaialdietatik igarotako filmez osatutako hautaketa egin du.
Agustí Villarongaren El ventre del mal / The Belly of the SEa Europako Zinema Akademiako sarietarako aurretiko hautaketan sartu berri dute tea film onenaren Urrezko Biznaga ez ezik, zuzendari, gidoi, gizonezko interpretazio, musika eta argazki onenaren Zilarrezko Biznaga ere irabazi ditu Malagan.
Ainhoa Rodríguezen lehen film luzea, Destello Bravío, Rotterdamgo zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zen, eta Epaimahaiaren Sari Berezia Zilarrezko Biznaga eta muntaketa onenaren Zilarrezko Biznaga eskuratu zituen Málagan. Landa-herri txiki batean errutinaren aurka matxinatzen diren emakume talde bati buruzkoa da filma.
Ama Júlia de Pazen bigarren pelikula da, bakarka zuzendu duen lehena, eta Donostia Zinemaldian bigarrenez izango da, jada etorri baitzen La filla d’algu (Made in Spain 2019) film kolektiboarekin. Ama Málagako Sail Ofizialean lehiatu zen eta Tamara Casellasek, filmaren protagonistak, Zilarrezko Biznaga saria jso zuen bertan.
Halaber, Ezekiel Montesen lehen lana ‒Hombre muerto no sabe vivir‒ ere Málagako Sail Ofizialetik dator. Antonio Dechent da thriller honen protagonista; bizitza osoan lan egin dueneko eraikuntza-enpresan jazotzen ari den belaunaldi-aldaketaren lekuko izango den gizon bati buruzkoa filma da, eta indarkeria- eta kriminalitate-testuinguru batean gertatzen da.
Málagako zinema-jaialdiko Sail Ofizial Dokumentalean Sedimentos / Sediments hautatu zuten, Adrián Silvestrek zuzendutako bigarren filma, Tesalonikako jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuena. Sedimentosen sei emakume transi jarraituko diegu, Leóngo herri txiki batera bidaiatzen duten bitartean.
Bestetik, Cannesko jaialdiaren aurreko edizioan Cannes Classics sailean programatutako ez-fikziozko filma ‒Luis Buñueli buruzkoa‒ emango da sailean. Buñuel, un cineasta surrealista / Buñuel, a Surrealist Filmmaker filmean, zuzendari aragoiarra artearen munduarekin lotu du Javier Espadak, zinemagilearen haurtzaro eta gaztaroak bere filmetan izan zuen eragina nabarmenduta eta artistak munduari buruz zuen ikuspegia, zalantzak eta obsesioak biltzen zituzten filmak zuzentzen zituela islatuta. Emanaldia Buñueli ohorezko Urrezko Maskorra eman zioteneko 44. urteurrenean egingo da.
Un blues per a Teheran / Tehran Blue Javier Tolentino kazetari, idazle eta zinema-kritikariaren lehen lana da. Gijóngo nazioarteko zinema-jaialdiari amaiera eman zion filmak Iranen deskribapena egiten digu, herrialde hartako tradizioaren eta modernitatearen arteko dialektika irudikatuta, zinema-zuzendari izan nahi duen poeta kurdu gazte baten bitartez.
Film dokumental onenaren eta muntaketa onenaren Goya sariak irabazi zituen film bat ere jasoko du sailak, Luis López Carrascoren El año del descubrimiento / The year of the Discovery, Rotterdamen estreinatu eta beste zinema-jaialdi batzuetatik igaro ostean. López Carrascok Cartagenako taberna batean kokatu du bere kamera, 1992an Espainian bizi zen euforiaren kontakizun alternatibo bat egiteko.
Made in Spain sailak SGAE Fundazioa du laguntzaile. Gainera, SGAE Fundazioak Dunia Ayaso saria ematen du Zinemaldian duela bi urtez geroztik. Sari hori duela zazpi urte hil zen gidoilari eta zuzendari kanariarrari egindako omenaldi gisa sortu zen, eta historian rol protagonista izan duten emakumezko pertsonaiak erakusten dituzten edo emakumeak gizartean bizi duen egoera islatzen duten lan zinematografikoak aintzatesten dira horren bidez. Horrez gain, 2019tik aurrera, Euskal Gidoilarien Elkarte Profesionalak bultzatutako Gidoi Onenaren Saria ere finantzatzen du SGAEk.