Iosu Ordoñez preso donostiarra Euskal Herriratuko dute
Espainiako Gobernuko Espetxe Erakundeek jakinarazi dute beste zazpi euskal preso lekualdatuko dituztela, horietako sei Euskal Herriratu egingo dituzte, eta bestea Euskal Herritik gertuago dagoen kartzela batera eramango dute. Euskal Herriratuko dutenetako bat Iosu Ordoñez donostiarra da: Topasen (Salamanca, Espainia, 460 km) dago gaur egun, eta Zaballara (Araba) eramango dute. 2006tik dago preso, hamazazpi urteko zigorra betetzen, eta duela bi urte bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Aurtengo martxotik dago Topasen, baina ordura arte Puerto I kartzelan (Cadiz, Espainia, 1.050 km) egon da.
Ordoñezez gain, honakoak dira Euskal Herriratuko dituzte beste presoak: Asier Rodriguez (Soriatik –260 km– Basaurira), Ibai Aginaga (El Duesotik –170 km– Basaurira), Guillermo Merino (Zaragozatik –345 km– Basaurira), Jose Angel Lerin (Zaragozatik –345 km– Basaurira) eta Jon Etxeberria (El Duesotik –170 km– Zaballara). Bestalde, gerturatuko duten presoa Imanol Miner izango da; Dueñastik El Duesora lekualdatuko dute.