Metroaren tunelaren zulaketa-lanak abuztuan berrabiatu dituztela salatu du Satorralaiak
Satorralaia bizilagunen mugimenduak Jaurlaritzaren Miramar-eko kontseilura protesta-martxa egin du goizean Metroaren obrak gelditzeko eskatuz. Goizeko 10:00etan Kontxako erlojuetan elkartu dira eta ‘Jaurlaritza entzun Metroa gelditu, behargabekoa-xahuketa-erokeria’ lelodun pankartarekin Miramarrera abiatu dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak urte politikoari hasiera eman dio gaur Miramarren egin duen agerraldiarekin.
Miramarreko aparkalekuan protesta zaratatsua egin dute eta gogor salatu dute ETS-ek eta obrako Easo Plazatik Kontxarainoko tuneleko zulaketa-lanak abuztuan berrabiatu dituztela. Satorralaieko kideen iritziz, “Donostiako Metroaren obra erabat behargabekoa, kaletgarria eta xahuketa ekonomiko itzela da”, eta Jaurlaritzak obra geldi dezala aldarrikatzeko egin dute protesta. “Metroaren obra urtebete baino gehiago geldiaraztea behartu dute gertakari larrien eta gainkostuen ondoren, gogor salatzen dugu Easo Plazatik Kontxara egin asmo duten tunelaren zulaketa-lanak abuztu batean berrabiatu dituztela. Obra hori egitea astakeria nat da edonondik, tunela zulatzeak hirigunean eragingo dituen arriskuez proiektuan egiten diren ohartarazoen latzak kontuan hartuta”.
Haien iritziz, “Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udal Gobernua gezurretan ari dira hirian Metroaren eraikuntzak dituen inpaktuen, koste errealen eta helburuen inguruan”. Izan ere, “Donostian sustatzen ari den hiri-ereduaren eta turismoan oinarritutako eredu ekonomikoaren ondorioa” dela diote plataformako kideek. “Horrek espekulazioa eta hiriguneen merkantilizazioa areagotzea, lan baldintzen prekarizazioa, eta inbertsoreen interes ekonomikoak bizilagunen eta langileen beharrez gainetik jartzea dakar. Ez alperrik, hiri-ereduari buruz eta garraio publikoko sistemari buruz inongo parte hartze eta eztaibada sozialik gabe inposatu dute Metroa”.