La Dalia Groseko saltoki historikoa itxiko dute
Donostiako beste saltoki historiko batek agur esango du laster, Groseko Mirakruz kaleko La Dalia mertzeria ezaguneko jabeek erretiroa hartu eta denda itxiko baitute urtarrilean. Saltokiak berak eman du itxieraren berri bere sare sozialetan, eta iragarri du likidazioan egongo dela ordura arte. Era berean, eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan izan dituen bezeroei.
90 urte baino gehiagoz irekita egon da La Dalia kalitatezko barruko arropa, etxeko arropa eta bestelako produktuak eskaintzen. Auzoko dGros merkataritza elkarteak egindako lana eskertu die sare sozialetan La Daliako arduradunei, eta Groseko saltoki “erreferente” bat izan dela nabarmendu dute. “La Dalia gabe, Grosek bere mamiaren zati oso garrantzitsu bat galduko du”, gaineratu dute merkataritza elkartekoek.