Castroko arraunlari batek positibo eman du, eta ez dute sailkatze estropadan parte hartuko
24 traineru izan behar ziren, baina 23 izango dira azkenean gaur Kontxako Banderako gizonezkoen sailkatze estropadan. Izan ere, Castroko arraunlari batek koronabirusean positibo eman du, eta aurtengo arauen arabera, hori gertatuz gero, trainerua probatik kanpo gelditzen da.
Klubak jakinarazi du arraunlaria “ondo” dagoela eta bere etxean konfinatuta dagoela. Era berean, positiboaren berri eman diete antolatzaileei eta osasungintzako autoritateei.
Horrela, hauek izango dira igandean Donostiarrarekin batera lehiatzeko plaza bat bilatuko dutenak: Santurtzi, Hondarribia, Orio, Zierbena, Bermeo Urdaibai, Ondarroa, Cabo, Ares, Lekittarra, Tiran, Zarautz, Getaria, Kaiku, Pedreña, San Pedro, Arkote, San Juan, Deustu, Zumaia, Camargo, Lapurdi, Mutriku eta Hibaika.