Ertzaintzak eta Udaltzaingoak operatibo berezia diseinatu dute Kontxako banderari begira
Kontxako Banderaren bi asteburuetarako segurtasun dispositibo berezia jarriko dute Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Osasun araudia, bizikidetza eta herritarren atsedena betetzea dute helburu.
Eneko Goia Donostiako alkatea izan da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazio organoaren bilerako buru. Bilera horretan, datozen bi asteburuetan Donostian izango diren baliabideak eta dispositiboak aztertu dira. Bilkuran parte hartu dute ere Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak, Martin Ibabe Herritarren Segurtasunerako zinegotziak, eta Ertzaintzaren zein Donostiako Udaltzaingoaren polizia arduradunak.
Nahiz eta tradizioz Kontxako estropadak hirian jarraipen zabaleko kirol eta gizarte ekitaldi bat izan, segurtasunaren arduradun nagusiek gogorarazi dute iaz eta aurten pandemiak eragindako egoerak eragotzi egiten duela ohiko baldintzetan gozatzea. Iaz, estropadak jenderik gabe egin ziren; aurten, berriz, ohiko zaletu kopuruaren %20 baimendu da.
“Hobe da estropadak ikusi ahal izateko sarrerarik ez dutenek, hirira ez joatea eta proba etxetik jarraitzea”, nabarmendu dute Ibabek eta Zubiagak. Era berean, gogorarazi dute osasun egoeraren ondorio diren murrizketek indarrean jarraitzen dutela, eta, beraz, herritarren lankidetza eta erantzukizuna eskatu dute, estropadak egin aurreko eta ondorengo orduetan arrisku eta tentsio egoerak saihesteko.