Onkologikoa "desegiten" ari direla diote langileek, eta informazio falta salatu dute
Duela hiru urte abiatu zuten Donostiako Onkologikoa osasun sistema publikoan –Osakidetzan– sartzeko prozesua, eta hori gauzatzeko epea amaitzear denean, ezegonkortasunean murgilduta daudela salatzen ari dira langileak. Kutxa Fundazioaren menpeko Onkologikoa Fundazioak kudeatzen du zentroa aspalditik, eta Osakidetzak dagoeneko eraikina eta osasun arloko zuzendaritza bere gain hartu baditu ere, Onkologikoa Fundazioa da oraindik langileei ordaintzen diena, nahiz eta Osakidetzaren aginduetara lan egiten duten gaur egun. Era berean, Onkologikoak ahal duena baino askoz paziente kopuru txikiagoa artatzen du gaur egun, eta hori “arduragabekeria bat” dela dio zentroko enpresa batzordeak. Horregatik guztiagatik, langileak ostegunero elkarretaratzeak egiten ari dira Onkologikoko sarreran, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko euren egoera erregularizatzeko. Gaur, esaterako, hala egin dute, argazki honetan ikus daitekeen moduan:
Hain zuzen hedabide honek enpresa batzordearekin hitz egin du, eta zera nabarmendu dute: “Osakidetza Onkologikoa xurgatzera etorri da, eta xurgatze prozesu horren barruan, Onkologikoko langileak ere xurgatu behar ditu”. Bestalde, zentroaren eta langileen etorkizunari buruz azalpenik eman ez dietela salatu dute.
Horrez gain, zentroaren funtzionatzeko era eta estilo propioa ere galduko dela deitoratu dute: “Jendeak jakin behar du Onkologikoa erreferente bat izan dela munduan bere lan esparruan, bere garaian Donostiako Urrezko Domina ere eman ziguten horregatik. Orain, ordea, hori desagertzen ari da eta desagertu egingo da. Onkologikoaren betiko funtzionatzeko modua eta bere estilo propioa bertan behera geldituko da. Osakidetzan sartzean, hemen egiten genituen gauza onak desagertuko dira, eta dena Osakidetzaren estilora egingo dugu”. Eta zera gaineratu dute: “Planteamendua hau da: onkologiako paziente batek ebakuntza bat egin behar badu, ospitalean egiten diote ebakuntza, gero hona bidaltzen dute tratamendua jasotzera, eta gero ospitalera itzultzen da jarraipena egiteko; hau da, anbulatorio funtzioa izango du Onkologikoak, instalazioak behar bezala aprobetxatu gabe”.