Donostiako Zinemaldian zinemagile ezagun asko izango dira
Irailaren 17tik 25era izango da 69. Donostiako Zinemaldia. Gaurko aurkezpenean etorriko diren zinemagile ezagunen berri eman dute. Marion Cotillard eta Johnny Depp Donostia Sariez gain, aktore ugari ere bertaratuko dira Zinemaldira.
Besteak beste, hona hemen zerrenda: Javier Bardem (El buen patrón, Sail Ofiziala), Jessica Chastain (The Eyes of Tammy Faye, Sail Ofiziala), Penelope Cruz (Competencia Oficial, Perlak), Emmanuelle Devos (Vous ne désirez que moi, Sail Ofiziala), Dolores Fonzi eta María Valverde (Distancia de rescate, Sail Ofiziala), Charlotte Gainsbourg (Jane by Charlotte, Perlak), Louis Garrel (La Croisade, Perlak), Vincent Lindon (Undercover –Sail Ofiziala– eta Titane –Perlak–), Noémie Merlant (Mi iubita, mon amour, Zabaltegi-Tabakalera), Clarke Peters eta Stanley Tucci (La Fortuna, Sail Ofiziala).
Era berean, zinemagintza garaikideko zuzendari garrantzitsuenetako batzuk Donostiara etorriko dira euren filmak aurkeztera. Hala nola, Laurent Cantet (Arthur Rambo), Lucile Hadzihalilovic (Earwig) eta Claire Simon (Vous ne désirez que moi) Sail Ofizialeko zinemagileak. Perlak sailean hautatutako filmei dagokienez, honako hauek izango dira Donostian: Julia Ducournau (Titane) Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea; Todd Haynes (The Velvet Underground); Virginie Efira aktorea —Benedetta filmaren ordezkari gisa—; Louis Garrel eta Joseph Engel La Croisade filmarekin; Xavier Giannoli zuzendaria eta Benjamin Voisin aktorea (Les illusions perdues); Les Intranquilles / The Restless filmeko errealizadorea, Joachim Lafosse (Zilarrezko Maskorra 2015ean), Damien Bonnard eta Leila Bekhti bikote protagonistarekin etorriko da, eta, azkenik, Celine Sciammak, Petite Maman aurkezteaz gain, master eskola magistral bat eskainiko du Nesten.
Epaimahaia
Sail Ofizialeko epaimahaiaren burua Dea Kulumbegashvili (Georgia) zuzendaria izango da; iaz lau sari ofizial irabazi zituen Dasatskisi / Beginning bere lehen lanagatik, besteak beste, film onenaren Urrezko Maskorra, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria. Kulumbegashvilirekin batera, Susi Sanchez (Espainia) aktorea, Maite Alberdi (Txile) eta Audrey Diwan (Libano-Frantzia) zuzendari eta gidoilariak eta Ted Hope ekoizle estatubatuarra izango dira Sail Ofizialeko epaiamahaian.