Ehun urte udalak Urgull mendia erosi zuenetik
1921ean Donostiako Udalak Espainiako Gerra Ministeritzari Urgull mendia erosi zion. Hala ere, mendiak dituen hamaika bideetan, nonahi aurki daitezke Urgull gotorleku zeneko aztarnak.

Francisco Franco diktadorea Donostiara etortzen zen uda igarotzera, borboitarrek XIX. mendetik izandako ohitura jarraituz. 1941etik 1975era arte Aieteko jauregian igarotzen zituen udako egunak eta Azor izeneko itsasontziarekin nabigatzen zuten eta arrantzan aritzen zen gure kostaldean. Hedabide guztiek ematen zuten haren bisiten berri; gau horretan gertatutakoaren berri, ordea, ez zuten eman. Bereziki uda garai honetan, makina bat turista igotzen dira egunero Urgullera, mendiak atzean duen historia gertutik ezagutzera. Horrez gain, hiritar ugari igotzen dira bertara paseatzera, hiria goitik ikustera edota arratsalde pasa. Baina ez da beti hala gertatu, duela ehun urte eskuratu baitzuen udalak; lehenago militarren esku zegoen.
Denboran atzera egingo bagenu, milaka urte atzera, Urgull mendia uhartea izan zela ohartuko ginateke. Urumea ibaiaren itsasoratzean metaturiko sedimentuek, ordea, lur lehorrarekin lotu zuten eta geroztik, erdiuhartea da Urgull.
Horregatik, leku estrategikoa da Urgull, eta hala pentsatu zuen XI. mendean Antso III.a Gartzeitz Nafarroakoak defentsa-dorre bat eraikitzeko agindua eman zuenean. 1194ean, ordea, Antso VII.a Azkarra Nafarroakoak gaztelua gailurrean berreiraiki zuen, defentsarako gotorleku gisa. Bertatik hiri osoa zein itsasoa ikusteaz gain, geografikoki ere leku berezian dago Donostia. Itsas merkataritzaren gune garrantzitsuenetakoa izan da eta baita arrantzarena ere. Espainiako Errege Katolikoen garaian hiria gerra-gotorleku bihurtzen hasi zen, Donostiak kokapen estrategikoa hartu baitzuen Gaztelaren eta Frantziaren artean. Hala, hiria eremu gatazkatsua izan da luzaroan.
1813: hondamendirik handiena
Donostiako hiriak sute bat baino gehiago bizi izan du bere historian, baina urte honek badu garrantzia. Iñaki Egañak Donostia 1813 liburuan azaltzen duen moduan, 1790eko hamarkadaren amaierarako, Gipuzkoa “probintzia traidorea” izendatu zuten Espainian, okupatzaile frantsesekin izandako harremanagatik onagatik. Napoleonen tropa frantsesek Donostia bost urtez okupatuta izan ondoren, britaniar armadak espainiarrekin aliaturik eraso egin zioten hiriari eta bi hilabetez setiatu egin zuten portugaldarren laguntzaz. Frantziarrek hiria defendatzen saiatu arren, espainiarren aliatuek hirira sartzea lortu zutenean Urgull mendira egin zuten ihes. Bitartean, donostiarren aurkako mendeku moduan emakume guztiak bortxatu zituzten, diru guztia lapurtu zuten, 1.600 pertsona inguru hil eta hiria erre egin zuten.
Ingelesen hilerria
Urgull mendiaren bereizgarrietako bat da hilerria, eta hiriaren historiaren arrasto argienetako bat. Hilerriaren jatorri zehatza ezagutzen ez den arren, ofizialki Britaniar Legio Laguntzaileko soldadu britaniarren hilobiak daude, 1836-1837 bitartean Donostiako inguruetan Lehen Karlistaldian gertatutako liskarretan hildakoak.
Denbora luzez 1813 abuztuaren 31ko sarraskiarekin lotu izan da, baina adituek egindako ikerketek kontrakoa erakutsi dute. Hilerria 1924an birmoldatu zen, eta Maria Cristina erreginak irekiera ekitaldian hartu zuen parte. Garaiko diskurtsoetan bi garaietako hildako eta gertakariak nahasten dira, eta hortik sortu dira nahaste eta zalantzak. Hala ere, ez da informaziorik lortu 1813an hildako frantses militarren gorpuak non dauden ziurtatzeko.
Udalak Urgull erosi zuenekoa
1863an hiriko harresiak eraitsi zituzten eta Urgullek hiriko defentsa-gune izateari utzi zion. Herritarrek mendira sarrera debekatua zuten, Ostiral Santuko gurutze bidea egiteko besterik ez zen baimenik ematen. Duela ehun urte, ordea, Donostiako Udalak Espainiako Gerra Ministeritzari Urgull mendia erosi zion. Pedro Zaragueta alkatea izan zen salerosketa negoziatu zuena. Izan ere, defentsa sistema zaharkitua zegoen. Parke bilakatu zuten orduan, eta 1925ean Espainiako Parke Nazional izendatu zuten. 1936ko gerrak hiria aldatu zuen, Francisco Franco diktadore faxistaren garaipenaren ondorioz. Urgull mendian ere eragina izan zuen frankismoak. Izan ere, 1939an hiriko udal gobernu frankistak erabaki zuen Jesusen Bihotzaren omenezko eskultura erraldoi bat Urgull mendiaren tontorrean eraikitzea. 1950. urtean inauguratu zuten Jesusen Bihotza, eta Federico Coullant eskultorearen laguntzarekin, Pedro Muguruza Otaño arkitekto frankista izan zen Donostiako Jesusen Bihotzaren egilea. Frankismo garaiko arkitekto nagusia izan zen eta besteak beste, Erorien Harana egin zuen.