Farmazien eta bestelako eragileen erlauntza, bizi kalitatea hobetzeko
Auzotarren beharrei hobeto erantzuteko helburuarekin, Erlauntza proiektua abiatu zuten Donostian, 2018an. Farmaziek rol garrantzitsua dute egitasmoan, herritarren ongizatea baita erdigunea; hiriko hamabost farmazia daude Erlauntzan dagoeneko.

Erle bakar batek ezer gutxiri aurre egin diezaioke, baina erlauntza batek ia edozein arazori aurre egiteko ahalmena dauka. Gauza bera gertatzen da gizakiokin: banaka lan eginez zaila da bizitzaren zailtasunei aurre egitea, baina elkarlanean arituz gero, gauza asko egin daitezke.
Hain zuzen, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialak (GFEO) eta udaleko Osasun Sustapeneko sailak helburu horrekin sortu zuten 2018an Erlauntza proiektua: «Auzoetako zerbitzu publikoetako eta pribatuetako langileen arteko etengabeko konfiantzazko harremanaren bidez, irtenbideak bilatzen dizkiegu komunitate bakoitzean atzematen ditugun arazoei», azaldu du elkargoko farmazialari Xabier Aizpuruak, eta nabarmendu du «komunitatea sendotuz, auzotarren bizi kalitatea hobetzea» dela proiektuaren helburu nagusia.
Auzoz auzoko bilerak egiten dituzte bi hilabetean behin, eta askotariko eragileak biltzen dira: farmaziak, kultur etxeetako ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko sailekoak, udalaren Gizarte Ekintza sailetakoak, kirol patronatukoak, haurtxoko eta gaztelekuetakoak eta abar. «Auzoak dituen beharrak eta ezaugarriak aztertzen dira bilera horietan, baita profesional gehiago proiektuan sartzea komeni den aztertu ere», azpimarratu du Aizpuruak.
Zazpi auzoko erlauntza
Groseko, Egiako, Intxaurrondoko, Bidebietako, Parte Zaharreko, Altzako eta Amara Berriko hamabost farmazia dauden dagoeneko Erlauntzan, eta Groseko Arrazola farmazia da parte hartzen ari den establezimenduetako bat. Proiektuari esker gauza asko hobeto dituztela nabarmendu du Ane Otaegi arduradunak: «Groseko farmazia guztien eta anbulatorioko medikuen eta erizainen arteko bilerak egiten hasi gara, eguneroko arazoez hitz egiteko eta lan egiteko moduak fintzeko». Horrez gain, anbulatorioko medikuei aurpegia jarri diela gaineratu du Otaegik, eta horrek harremana «asko erraztu» duela. «Pazienteek asko eskertzen dute, izan ditzaketen arazoak errazago konpontzen ditugulako orain», gaineratu du Arrazolakoak.

Ane Otaegi Groseko Sekundino Esnaola kaleko Arrazola farmaziako arduraduna da. (Argazkia: Beñat Parra)
Era berean, Otaegik azaldu duenez, farmaziara Gizarte Zerbitzuen laguntza edo bestelako zerbitzuren batena behar duen auzotarren bat joaten denean, lehen baino errazago bideratzen dituzte zerbitzu horietara: «Esaterako, Gizarte Zerbitzuetako langileekin kontaktu zuzena daukat, eta orain badakit nora jo behar dudan pertsona hauskor bat etortzen zaidanean». Gainera, proiektua auzo bakoitzeko ezaugarrietara eta beharretara egokitzen dela kontatu du Otaegik: «Grosen egiten ditugun bileretan asko aipatzen da bakardadea, hemen jende heldu asko bakarrik bizi delako; horren inguruan ari gara lan egiten».
Aizpuruaren hitzetan, «farmazietan gizarte lana sustatzeko helburua» ere badu Erlauntzak, eta horretan ari direla azpimarratu du Otaegik: «Farmaziatik ateratzeko eta auzoaren ikuspegi zabalagoa izateko aukera eman digu». Horregatik, Erlauntza auzo guztietara heltzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu du elkargokoak, «horrek askoz herritar gehiagoren bizi kalitatea hobetuko duelako».