Herrerako Sukalde proiektua bueltan da
Etenaldi baten ostean, Herrerako Sukalde proiektua berrabiaraziko dute hilabete honetan, eta antolatzaileek diote “indarberrituta eta gogotsu” itzuli direla. Hain zuzen, hilaren 8an (19:00etan) proiektua aurkezteko bilera bat egingo dute auzoko aterpean, eta hilaren 20an hasiko dira otorduak kozinatzen eta banatzen.
Proiektuak sukaldari talde bat dauka, eta egunero menu desberdin bat kozinatzen dute, izena eman duten herritarrek jaso dezaten. Funtzionamendua sinplea da: izena eman duten herritar kopuruaren eta hautatu duten menuaren arabera, sukaldariek janaria prestatzen dute auzoko elkarte gastronomikoetan, eta auzotarrak euren janariaren bila joaten dira. Hurrengo egunean, herritarrek ontzi hutsak itzultzen dituzte, eta beteak eramaten dituzte eguneko janariarekin. Hedabide honek proiektuaren nondik norakoak izan zituen hizpide iazko urrian argitaratutako erreportaje batean.
Horrela, proiektuan parte hartuko duen auzotar kopurua eta menu motak zehazteko, galdetegi bat bete behar dute otorduak jaso nahi dituzten herritarrek.