Iñigo Llopis podiumetik gertu gelditu da Tokion
Goizean Nahia Zudaireri gertatu zaion moduan, brontzezko domina lortzetik oso gertu gelditu da Iñigo Llopis igerilari donostiarra Tokioko Paralinpiar Jokoetan, estilo libreko 4×100 metroko proban. Hain zuzen, bere taldekide Oscar Salguerorekin, Jose Antonio Alcarazekin eta Jacobo Garridorekin batera, sailkapeneko laugarren postua eskuratu du Llopisek, 4:15.84 minutuko denbora eginda. Errusia, Australia eta Italia gelditu dira aurretik.
“Pozik gaude, sailkatu ez zen taldekide bat faltatu bazaigu ere, beste kide batek ordezkatu du eta oso ondo egin dugu. Gure markarik onenera hurbildu gara, eta aurkariak ikusita, laugarren gelditzea zen helburua; pozik gaude laugarren postuarekin”, adierazi du igerilari donostiarrak.
Tokion eskuratu duen hirugarren diploma da gaurkoa Llopisentzat, baina zilarrezko domina bat ere irabazi zuen joan den astean, bizkar estiloko 100 metroko proban.