Juan Mari Jauregi donostiarra zendu da, 13/13 epaiketako auzipetuetako bat
Juan Mari Jauregi Egiako bizilaguna eta ezker abertzaleko militante ezaguna zendu da, haren ingurukoek eta Sortuk jakinarazi dutenez. Madrilgo Auzitegi Nazionalean egiten ari diren 13/13 epaiketa handiko auzipetuetako bat da, eta, hain zuzen, uztailean Auzitegi Nazionalean egin zituzten saioetara joateaz salbuetsi zuten, haren osasun egoerarengatik.
Egian oso persona ezaguna zen Jauregi, eta, horregatik, Egiako ezker abertzaleak hunkituta esan dio agur: “Betiko gure eredu!”. Bestalde, Sortuk eta 13/13 epaiketako gainontzeko auzipetuek –tartean hiru donostiar daude: Nerea Redondo, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi–, elkartasuna eta euren doluminak adierazi dizkiete Jauregiren senide eta lagunei. “Juan Mari guretzat elkartasun, konpromiso eta duintasun eredua izango da betirako, bere bizitza osoan eta azkan hatsa arte gure ondoan izan dugulako, bai gure sumarioaren atzean dauden estatu interesak salatzeko, nola presoei bere elkartasuna eta maitasuna adierazteko edo Euskal Herriaren aitortza aldarrikatzeko. Gure ondotik joan zara Juan Mari, baino ez zara hil, beti gure bihotzean eramango zaitugulako”, adierazi dute auzipetuek.
Bestalde, Sortuk nabarmendu du Jauregi Euskal Preso Politikoen Kolektiboa agertoki berrira egokitzeko lanean ari zenean atxilotu zutela, eta salatu du “Estatuaren biolentziaren biktima” izan dela: “Konponbide demokratikoaren alde apustu egiteagatik, ordainetan infernua besterik ez zion eman Espainiako Erresumak, beste hainbat militanteri bezalaxe: 2010ean, bake nahia oztopatzeko, 13/13 sumarioa abian jarri zuten. Atxilotzean oso modu basatian torturatu zuen Guardia Zibilak Juan Mari, erabateko inpunitatez, bere lekukotzak erakutsi zuen moduan”.
Izan ere, 2010eko ekainean Jose Luis Gallastegi eta Joxe Domingo Aizpuruarekin batera egindako agerraldi batean kontatu zuen Jauregik guardia zibilek egin ziotena: “Nire eritasunaz ohartu zirenean [66 urte zituen atxilotu zutenean, eta arritmia zuen], esan zidaten han gelditzen banintzen, hiltzen banintzen, ez zela ezer gertatuko. [Jon] Anzarena bezala izango zela. Esan zidaten han ez nuela inolako eskubiderik, ni etsaia nintzela eta etsaia suntsitu egin beharra zegoela”. Horrela jarraitu zuen kontakizuna Egiakoak: “Biluztu egin ninduten. Zutik egon nintzen denbora guztian. Dardaraz hasi zitzaizkidan hankak, hotzaren, beldurraren eta nekearen ondorioz. Erortzear egon nintzen”. Ordea, bigarren egunean beroa pasarazi zioten: “Itomena nuen. Berokia guztiz lotuta, begiak estalita eta begien estalkien gainetik beste kaputxa edo trapuren bat jarri zidaten”. Horrez gain, haren alaba erditzear zegoen garai hartan, eta Jauregik kontatu zuen horri buruzko mehatxuak ere egin zizkiotela: “Nire emaztearen eta alabaren aurkako mehatxuak etengabeak ziren”.
Hori guztiak Jauregiren sufrimendua areagotu zuela gaineratu du Sortuk: “Infernu horren zama azken egunera arte pairatu behar izan du Juan Marik: torturak osasuna kaltetu ez ezik sumarioa hamarkada batez luzatzeak oinazea areagotu baino ez zion egin. Juan Mari Estatuaren biolentziaren biktima dugu, eta Estatuak gupidarik gabe eta anker jokatu du berarekin: agertoki demokratiko baten alde jarduteagatik jesarrarazi zuten Auzitegi Nazionalean, ETAren jarduera armatua amaitu eta hamar urtera!”. Ildo beretik, gogoratu dute datorren igandean, hilaren 12an, 13/13 epaiketaren aurkako manifestazioa egingo dutela, Bulebarretik abiatuta.