13/13 epaiketa politikoaren aurkako elkarretaratzea egin dute Tabakaleran
Astearte goizean berrartuko dute uztailean hasi zen 13/13 epaiketa, non, euskal presoekin bitartekari lanak egin dituzten pertsonak epaitzen ari diren. Hori dela eta, gaur arratsaldean elkarretaratzea egin dute Egian “epaiketaren zentzugabetasuna salatzeko”. Alde batetik, ostiralean zendu zen Juan Mari Jauregiri omenaldia egin diote, 13/13 epaiketan auziperatutako Egiako bizilagunari. “Auzoan konprometitua eta oso maitatua” zela adierazi eta “Espainiar errepresio sistemaren ankerkeriaren biktima izan dela” azpimarratu dute. Bestetik, auziperatuen artean dagoen Nerea Redondo egiatarrari elkartasuna eta babesa adierazi dizkiote.
Igandean 13:30ean “epaiketa politiko honen aurka eta bakearen eta elkarbizitzaren alde egiteko” manifestazioa irtengo da Bulebarretik eta parte hartzeko deia egin diete norbanako, elkarte zein eragileei.
Uztailaren 12an 13/13 epaiketari hasiera eman zioten, eta orain, auziperatuek irailaren 7an, 8an eta 9an deklaratu beharko dute Auzitegi Nazionalean. Horien artean Nerea Redondo, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza donostiarrak izango dira eta irailaren amaiera arte iraungo du epaiketak.