Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabalik hiriko euskaltegi eta zentro homologatuetan
Edurne Otamendi Euskara Zerbitzuaren buruak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina aurkeztu dute, irailean irekiko baitute izen ematea. Aurreko urteetan erabilitako lelo bera mantendu dute aurten ere: #euskaldunízate. Izan ere, Otamendik adierazi duenez, leloak ezin hobeto jasotzen du zabaldu nahi duten mezua. “#euskaldunízate hitz jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazi ditu eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, eta euskara ikasita euskalduntzea”.
Egungo egoera dela eta, kanpainari bultzada berezia emango diote mundu digitalean; bereziki sare sozialetan, #euskaldunízate traolarekin sarean kokatu nahi baitute kanpaina. Bestalde, euskaltegi eta zentro homologatuetan emango diren aurrez aurreko ikastaroetan segurtasun neurri guztiak bermatuko direla adierazi du Otamendik. Ikasle-ratio txikiagoa izango dute baina ikastaro-aukera ordea, zabalagoa izango da. Ohiko aurrez aurrekoez gain, aurrez aurreko ikastaro telematikoak ere izango dira. Azken hauek, ordutegi itxia izango dute eta irakaslearekin telematikoki jardungo da. Horrez gain, autoikaskuntzako ikastaroak mantenduko dituzte euskaltegiek: on line ikastaroak emateko programak dira eta ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana. Azkenik, xede bereziko taldeentzako ikastaroak ere antolatuko dituzte, besteak beste, guraso, merkatari, ostalaritza eta etorkinentzako.
Diru laguntzak
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaroetarako dirulaguntzak eskatzeko epea urriaren 1ean zabalduko du. Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinfo bulegoetan (Eason, Arrokan, Morlansen eta Altzan) eskatu ahal izango dira dirulaguntzak eta eskaera online egiteko aukera ere izan dute herritarrek.
Aurrez aurreko ikastaroak, barnetegiak, aurrez aurreko telematikoak, autoikaskuntzak eta udako ikastaroak lagunduko dira. Ikastaroa hasten denetik, 30 eguneko epean egin beharko da eskaera. Dirulaguntzak eskatzeko, ordea, betebeharreko bi baldintza zehaztu dituzte: 16 urtetik gorakoa izatea eta Donostian erroldatua egotea edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo enpresa batean lan egitea. Diru laguntzak jasotzeko, berriz, euskaltegi edo zentro homologatu batean matrikulatuta egon behar da, eskaera behar bezala eta ezarritako epean bete beharko da eta ikasturte amaieran, gutxienez azpi-maila bat gainditu eta %75eko asistentzia egiaztatu beharko da.
2020-2021eko ikasturteko neguko ikastaroetan 1.241 lagunek jaso dituzte diru laguntzak, eskaera egin dutenen %88,13k. Gainditutako azpimaila bakoitzeko 168,69 euro jasoko dituzte irailean. Aurrekontuari dagokionez, 2021-2022 ikasturterako, 291.249 euro bideratuko dira diru laguntzetara. Horrez gain, 38.000 euro bideratuko dira langabeeen ikastaroak antolatzeko urria eta abendua bitartean eta 37.804 euro xede bereziko ikastaroentzako.