Atzean Zuloak bosgarren denboraldia izango du
Martxoan laugarren denboraldiko azken atala plazaratu ostean, Atzean Zuloakoak atal berriak argitaratzen hasiko dira laster, Hiru Damatxo enpresak sare sozialetan iragarri baitu bosgarren denboraldia izango duela proiektuak. Orain arte egin duten moduan, Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktoreak izango dira bosgarren denboraldiko pertsonaien azalean sartuko direnak. Oraindik ez dute zehaztu noiz argitaratuko duten lehenengo atala, beraz, Atzean Zuloaren zaleek proiektuaren sare sozialetara eta Youtubeko kanalera adi egon beharko dute.
Bagera elkarteak eta Hiru Damatxok sortutako proiektua da Atzean Zuloa, euskarazko umorea sustatzeko helburuarekin. Gaztelaniazko Pantomima Full (Alberto Casado eta Rober Bodegas) bikotearen estiloa jarraituz, bideo labur eta dibertigarriak egiten dituzte, euskal herritarren estereotipoak eta topikoak parodiatuz. Orain arte argitaratu dituzten atal guztiak aipatu Youtubeko kanalean eta Atzeanzuloa.eus webgunean daude ikusgai.