Nerea Eizagirrek 2023ra arte luzatu du kontratua Realarekin
Realak eta Nerea Eizagirrek akordioa lortu dute, eta jokalari tolosarraren kontratua 22-23 denboraldia amaitu arte luzatu dute. Aurrelari txuri-urdinak, Jokin Aperribai presidentearekin batera, Anoetako estadioan bulegoetan sinatu du klubarekin duen lotura berria. “Hau nire etxea da, eta hasieratik garbi izan nuen hemen segitu nahi nuela. Gauzak ondo atera dira, eta egun berezia eta pozgarria da gaurkoa niretzat”, adierazi du kapitainak.
Realeko nesken lehen taldeak bere historia laburreko denboraldi onenetarikoa egin du. Ez du, 2019an bezala, titulurik irabazi, baina ligan inoizko postu onenean geratu dira: bosgarren. Hala ere, denboraldi honi begira, kirol zuzendaritzak taldea berrosatu behar izan du, hamar jokalari garrantzitsuk taldea utzi baitute. Udan Nahikari Garciak, Mariasun Quiñonesek eta Nuria Mendozak taldea utzi ostean, taldeko lehen kapitain izendatu zuten Eizagirre. Beste kapitainak Iraia Iparragirre, Maddi Torre eta Amaiur Sarriegi dira. “Kapitain izatea esanahi handiko kontua da, are gehiago harrobiko jokalari bat izanda. Nire helburua, orain arte bezala lanean segitzea da, eta taldeak denboraldi ona egitea”.