Altzako udaletxetik herriarentzat
Espainiako II. Errepublika 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeen ondoren aldarrikatu zuten, eta hain zuzen, Altzako herriak hauteskunde horietan hautatu zituen azkenekoz bere herriko zinegotziak. Hamabi zinegotzi ziren, eta 1937ra arte Altzako herriarentzat lanean aritu ziren. Zinegotzi ezkertiarrak, abertzaleak eta kontserbadoreagoak zeuden, baina herritartasuna eta gizatasuna gailentzen ziren, eta elkarrekin lan egin zuten, helburu bakarrarekin: Altza hobetzea. Horregatik, Ekialdeko Barrutiaren ekimenez, udalbatza horrek egindako lana aitortzeko omenaldia egingo du udalak larunbatean Altzako udaletxe zaharrean.
Jakina da Altzak bere izaera propioa duela, Donostiako auzo bat izatetik harago doana. Hain zuzen, Altzako herritar askok oraindik ere «altzatartzat» dute euren burua, donostiartzat baino lehenago. Horren arrazoi nagusia argia da: Altzako herria –gaur egungo Altza, Bidebieta, Herrera, Intxaurrondo, Uliako zati bat eta Martuteneko zati bat hartzen zituena eta Pasaiako badiaraino iristen zena– independentea izan zen urte luzez. Azken independentzia tartea 1879tik 1940ra bizi izan zuen Altzak. Hain zuzen, 36ko gerraren ondoren utzi zion indenpendente izateari, eta erregimen frankistaren babesarekin gelditu zen Donostiaren mende.
Espainiako II. Errepublikaren garaiko udalbatza izan zen Altzako herriak demokratikoki hautatu zuen azkena, eta udalbatza horrek 1931tik 1937ra egindako lana aitortzeko omenaldia egingo dute, Altzako Historia Mintegiaren eta Ekialdeko Barrutiaren ekimenez. Izan ere, denbora gutxi izan bazuten ere, eta nahiz eta zinegotziak euren artean oso desberdinak izan, Altzako herria bera eta herritarren bizitza hobetzeko buru-belarri aritu ziren lanean.
1931ko udal hauteskundeetan iritsi ziren
Primo de Riveraren diktaduraren erorialdiaren eta Berenguer jeneralaren gobernuaren porrotaren ostean, Alfonso XIII.a Espainiako erregeak Juan Bautista Aznar almirantea izendatu zuen presidente, eta Aznarrek udal hauteskundeetara deitu zuen 1931ko apirilean; hauteskunde horien ondoren aldarrikatu zuten Espainiako II. Errepublika. Altzako Udalean hamabi zinegotzirentzako eserlekuak zeuden, eta 24 hautagai aurkeztu ziren hauteskundeetara: “Gipuzkoako 89 udalerrietatik, soilik 25etan egin ziren hauteskundeak. Izan ere, eserleku bezain beste hautagai zeuden udalerrietan, hautagaiek zuzenean hartu zuten zinegotzi kargua. Altzan, 24 hautagai egon zirenez, hauteskundeak egin zituzten”, azaldu du Iñigo Landak, Altzako Historia Mintegiko kideak.
Hauteskundeetatik ateratako udalbatza honako zinegotzi hauek osatzen zuten: Jose Juanes Etxebeste, Celestino Atorrasagasti Casares, Pedro Aiesta Zendoia, Jose Casares Larrarte, Pablo Landa Iribar, Ricardo Tejada Duque de Estrada, Felipe Zurutuza Kerejeta, Jose Iruretagoiena Kerejeta, Jose Manuel Beretarbide Aristizabal, Jose Manuel Sasiain Astiasuainzarra, Juan Iriarte Agirre eta Gaspar Cardona Guarinos.
Zinegotziak askotarikoak zirela kontatu du Landak: “Altzako auzo guztietako zinegotziak zeuden: Sarruetakoak, Intxaurrondokoak, Herrerakoak, Buenavistakoak, Molinao ingurukoak, eta abar. Bestalde, sei independenteak ziren: Tejada, ildo monarkikokoa; Zurutuza, Iruretagoiena, Casares eta Sasiain, baserritarren arazoak oso kontuan hartzen zituztenak; eta Aiesta, independenteagoa. Lau abertzaleak ziren, EAJren girokoak: Juanes, Atorrasagasti, Landa eta Beretarbide. Eta beste biak errepublikanoak ziren: Iriarte eta Cardona. Ezkerreko alderdien babesa zuten horiek, eta alderdiren baten babes ofiziala zuten bakarrak ziren”. 1931ko udal hauteskundeen ondoren, Juanes izendatu zuten alkate.
Udalbatza hori 1937ra arte egon zen Altzako Udalean, baina urte gorabeheratsuak izan zirenez, bi etenaldi jasan zituen udalbatzaren legealdiak. Hain zuzen, errepublikaren lehenengo bi urteetan gobernua ezkertiarra zen, baina tentsio politiko handiak zeuden, eta Jose Sanjurjo jenerala estatu kolpe bat ematen saiatu zen, baina porrot egin zuen. “Gaia Altzako udalbatzarrera heldu zen, eta askotariko zinegotziak zeudenez, ez zuten estatu kolpearen gaitzespen irmorik egin. Horregatik, Gipuzkoako gobernadore zibilak Altzako udalbatza kargutik kendu zuen, eta behin-behineko udalbatza kudeatzaile bat ezarri zuten, ezkerreko gobernuarentzat fidagarriak ziren pertsonak zituena”, azaldu du Landak. Udalbatza kudeatzaile horretan Iriarte eta Cardona zinegotziak egon ziren, ezkertiarrak zirelako; hain zuzen, Iriarte izendatu zuten alkate.
Udalbatza kudeatzailea 1934. urtearen hasierara arte egon zen Altzako Udalean. Izan ere, 1933ko azaroan hauteskunde orokorrak egin zituzten Espainian, eta gobernu berria –eskuindarra– eratu ostean, Gipuzkoako gobernadore zibilak 1931n hautetsia izan zen udalbatza berrezarri zuen Altzan. Aiestak hartu zuen alkate kargua.
Espainiako Gobernuak, ordea, erreforma fiskal bat garatu zuen, eta alkoholaren gaineko zergaren ordainketan aldaketa bat egin zuen. Hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena zenez, erreformaren aurka mobilizatzen hasi ziren Gipuzkoako erakundeak, eta Altzako udalbatza osoak dimisioa aurkeztu zuen, protesta moduan. “Garai hartan, ordea, dimititzea debekatuta zegoen, eta, beraz, zinegotziak auzipetu egin zituzten”, kontatu du Landak.
Horrela, 1934ko irailean, gobernadore zibilak behin-behineko udalbatza eskuindar bat izendatu zuen Altzan, eta Luis Rubio Constans izendatu zuten alkate. Urte horretan bertan heldu zen 1934ko iraultza ezkertiarra, eta bitxikeria gisa, Landa zinegotzia, Iñigo Landaren aitona, zauritu egin zuten: “Ermita bidetik gertu bizi zen gure aitona, eta han inguruan izandako tiroketa bateko bala galdu bat bere etxera sartu eta lepoan jo zion. Zorionez, ospitalera eraman zuten eta onik atera zen”.
1936ko otsailean, hauteskunde orokorretan Fronte Popularrak irabazi ostean, berriz ere bost urte lehenago hautetsia izan zen udalbatza berrezarri zuten, Aiesta alkate izendatuta. Ordea, hiru zinegotzi falta ziren: Tejada monarkikoa Mirakruzko txekan sartu zuten indar ezkertiarrek (ondoren Bilboko kartzela batera eraman zuten, eta han egon zen 1937ra arte), Atorrasagasti ordurako hilda zegoen, eta Cardona ezkertiarra, Landaren hitzetan, “ostrazismora kondenatuta” zegoen: “Nahiz eta ezkertiarra izan eskuindarren udalbatza kudeatzailean parte hartu zuen, eta Fronte Popularrak irabazi ostean, bere alderdikoek ez zioten barkatu. Hain zuzen, ofizialki zinegotzi kargua izaten jarraitu zuen, baina udalaren eguneroko jardunean parte hartzeari utzi zion; ostrazismora kondenatu zuten”.
Otsailean berrezarritako udalbatzak, ordea, ez zuen asko iraun, 36ko gerra piztu eta bi hilabetera, 1936ko irailean, tropa frankistek Altza hartu baitzuten –Donostia ere orduan erori zen–. Aktiboan zeuden zinegotzi abertzaleak eta ezkertiarrak mobilizatzen hasi ziren: Juanes, Landa eta Beretarbide abertzaleak Bilbora joan ziren, eta Landa izendatu zuten behin-behineko alkate. Iriarte, aldiz, frontean borrokatzera joan zen.
1937. urtearen erdialdean, aldiz, Bilbo ere erori egin zen, eta frankistek lau zinegotziak atxilotu egin zituzten. Epaiketa militarra izan zuten, eta Iriarteri 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, Juanesi hogei urtekoa eta Beretarbideri sei urtekoa. Landa ez ziren zigortzera iritsi, miliziano ezkertiarrek Zallan hil zutelako, 1937an. Hain zuzen, Landa izan zen hildako zinegotzi bakarra. Beste hirurak espetxeratu egin zituzten, baina ez zituzten zigorrak osorik bete.
Lan handia egin zuten
Errepublika garaiko urteak oso korapilatsuak izan baziren ere, Altzako gai garrantzitsuak tratatzean zinegotziek euren arteko desberdintasunak alde batera uzteko gai izan zirela azpimarratu du Landak: “Udal politikan lan egin zutenen artean gizatasun eta herritartasun handia aurkitu dut”.
Gaineratu du zinegotziek euren burua eskaini zutela “Altzako herriarentzako lan egiteko”, eta hala egin zutela: “Askotariko eskaerak heltzen ziren orduan udalera: miseria handia jasaten ari ziren herritarren laguntza eskaerak, langabeziarekin lotutakoak, etxe bat eraikitzeko baimenak, eta abar”. Halako eskaerak gehienetan “aho batez” onartzen zituztela nabarmendu Altzako Historia Mintegikoak. Esaterako, udalbatza kudeatzaile eskuindarra zegoenean, Iriarte kartzelan zegoen 1934ko iraultzan parte hartu izanagatik, eta bere emaztea laguntza eske joan zen Altzako Udalera, oso egoera ekonomiko txarra zutelako. “Udalbatza hori eskuindarra bazen ere, aho batez onartu zuten emaztea laguntzea”, dio Landak.
Bestalde, nabarmendu du langabeziarekin eta hezkuntzarekin “oso kezkatuta” zeudela Altzako zinegotziak. Hain zuzen, Altzako populazioa igotzen ari zenez, udalak zenbait lokal alokatu zituen eta irakasleak kontratatu zituen, haur guztiek eskolara joateko aukera izan zezaten. Udalbatza kudeatzaile ezkertiarrak Herrerako plazan eskola publiko bat eraikitzeko proiektua ere izan zuen, baina ezin izan zuen gauzatu.
Herri proiektu garrantzitsuak ere garatu zituen errepublika garaiko Altzako Udalak: “Udalbatza hautetsiak abiatu zuen Buenavistatik Sarruetara zihoan errepidearen proiektua, esaterako. Lehen zatia egin zuten, Buenavistatik Kataliñeneraino, baina ez zuten bukatu denbora faltagatik, 1936an dena moztu baitzen. Herrerako lur azpiko pasabidea ere udalbatza horrek egin zuen, espaloiak konpondu zituzten, ur ekartzearen sistema berritu zuten, eta abar”, kontatu du Landak.
Euren lana aitortuko dute
Horregatik guztiagatik, Altzako Historia Mintegiak Ekialdeko Barrutiari proposatu zion errepublika garaiko Altzako udalbatzari omenaldi bat egitea, eta iazko azaroan hasi ziren horretan lan egiten: “Hutsune historiko bat dago Altzan: Donostiak, Pasaiak eta Errenteriak errepublika garaiko euren zinegotziak gogoratzen dituzte, baina 1940an Altza Donostiara anexionatu zutenez, Altzako memoria historikoaz ez da inor gogoratzen modu ofizialean. Horregatik, gaia planteatu genuen barrutian, eta adostu genuen errepublika garaiko udalbatza omendu behar genuela”, kontatu du Manex Ralla Ekialdeko Barrutiko kideak.
Hilabete hauetan guztietan Ekialdeko Barrutiak prestatu du omenaldia, eta udalak, barrutiko kideekin batera, larunbatean egingo du omenaldia: “Plaka bat jarriko dugu eraikinaren kanpoaldean, eta barruan omenaldi xume bat egingo dugu. Era berean, udalaren izenean opari bat emango diegu zinegotzien senideei”, azaldu du Ane Oiarbidek, udaleko Eskubide Zibiletako zinegotziak. Era berean, omenaldia beharrezkoa dela azpimarratu du: “Logikoa da barrutiak eskaera hori egin izana, eta memoria kontu bat denez, udaletik ondo ikusten dugu. Gainera, Altza gaur egun Donostia den heinean, uste dugu guri dagokigula omenaldia egitea”.
Rallak nabarmendu du biharko omenaldia Altzako hutsune historikoa betetzeko “lehenengo pausoa” dela: “Errepublika garaiko udalbatzari buruzko dokumental bat egiten ari gara [larunbatean teaser bat proiektatuko dute omenaldian], eta Aranzadiri Altzako biktimen inguruko ikerketa bat enkargatu diogu. Izan ere, Altzako biktimen erreferentziak badaude, baina donostiar gisa sailkatuta daude. Horrek mina sortzen du familia askotan, gure aitona-amona asko Altzan jaio eta Altzan hil zirelako; hau da, ez ziren inoiz donostiarrak izan”. Era berean, Altzaren izaera propioa aldarrikatu du: “Donostia hainbat anexio saiakera egin ditu historian, baina soilik azkenak izan zuen arrakasta, frankismoaren babesarekin. Gainontzekoek ez zuten arrakastarik izan, Altzako herritarrek ez zutelako Donostiarekin anexionatu nahi. Horrek Altzako herriaren izaera propioa erakusten du, eta guk izaera horretan sakontzen jarraituko dugu”.
ARANZADI ALTZAKO BIKTIMEN BILA DABIL
Aranzadi Zientzia Elkartea 36ko gerrako eta frankismoaren lehenengo urteetako Altzako biktimak identifikatzeko ikerketa egiten ari da. Herriko azken udalbatza omentzeaz gain, Ekialdeko Barrutiak Altzako biktimak identifikatzeko beharra ikusi zuen, eta udalari eskatu zion Aranzadiri proiektua agintzeko. Izan ere, Altzako biktima guztiak donostiar gisa daude identifikatuta. Javi Buces arkeologoa ari da ikerketa zuzentzen: “Gure webgunean dokumentatuta ditugun frankismoaren biktima donostiar guztiak hartuko ditugu, eta banan-banan begiratuko dugu nongoak ziren, altzatarrak bereizteko. Altzako errepresioari buruzko informazioa biltzeko, beste hainbat artxibo ere aztertuko ditugu, hala nola, biografiak”. Ikerketa 2022ko ekainerako bukatuko dute. Bucesek azpimarratu du Aranzadi Altzako ikerketa “laguntzeko” egiten ari dela: “Altzako Historia Mintegia egiten ari den lanaren beste pauso bat da”.