Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek greba egingo dute irailaren 23an eta 24an
LAB eta ELAk grebara deitu dute Gipuzkoako zaharren egoitzetan irailaren 23 eta 24rako. LABek mobilizazioa egin du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Lurraldeko zaharren egoitzetako egoera larria ezagutarazi eta lehenbailen irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatu dute.
LABek adierazi duenez, “osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako nagusien egoitza gehienetan”. “Gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, opor egunez gozatzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak eta balorazio psikosozialik ez egitea” aipatu dituzte langileen eskubideen urraketen adibide gisa.
Egoera hau zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarizazioaren eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela dio LABek. Horregatik, “osasun larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein Patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exigitzeko momentua dela” uste dute.
‘Zaintzaldia’
ELA sindikatuak ere irailaren 23 eta 24rako grebara deitu du ‘Zaintzaldia’ ekimenarekin batera. Bi greba egun hauekin guztira, 252 greba egun egingo dituzte.
Adierazi dutenez, “Aldundiak, pandemian gure bizitza arriskatu izanagatik ere, gure lana gutxiesten du eta umilatu egin nahi gaitu. Gizarteko pertsonarik zaurgarrienen bizitza eta heriotzak zaintzen ditugu, baina gizartea kudeatzen dutenek abandonatuta gaituzte, eta zaintza negozio huts bihurtu dute. Aldundiak nahiago baitu ehortzetxeekin eta funts putreekin negoziatu, gurekin baino”. Horregatik, zerbitzu eta lan baldintza duinak eskatzea inoiz baino garrantzitsuagotzat du.
Gainera, Zinemaldiarekin bat egingo dute greba egunek eta “Zaintzaldia” ekimena egingo dute hainbat kontzentrazioa eta protesta eginez.